Israelen eta Ameriketako Estatu Batuen harresi fisiko eta mentalak Palestinaren eta Mexikoren aurrean

Gilberto Conde

Israelen eta Ameriketako Estatu Batuen harresi fisiko eta mentalak Palestinaren eta Mexikoren aurrean

Acción contra el Muro en Ni’lin, distrito de Ramala (Crédito: Archivo de Stop the Wall)

Sarrera

Testu hau Israelek Palestinan duen harresiari buruzko hausnarketaren fruitua da; baina, aldi berean, orokorki, harresi guztiei buruzkoa da eta, era partikularrean, Ameriketako Estatu Batuak Mexikorekiko mugan eraikitzen ari diren harresiari buruzkoa. Jatorria du, alde batetik, egilearen bizi-esperientzia batean mugak zeharkatzeko orduan, hala Mexikoren iparraldeko muga nola beste hainbat muga Latinoamerikan, Europan, Afrikan eta Ekialde Hurbilean; eta, bestetik, ikerketa akademikoan: Ekialde Hurbilaren gainean eta Ekialde Hurbilak munduarekin duen harremanaren gainean. Horrela, testu honetan mugako harresi horien ezaugarriak eta funtzioak jorratzen dira, bai eta haien eraikitzaileek sortu nahi izan dituzten efektu ideologikoak ere, eta, neurri apalago batean, nolako ekintzak eta erreakzioak erakusten dituzten harresiak pairatzen dituztenek.

Egoera israeldar-palestinarra eta muga estatubatuar-mexikarreko egoera erlazionatzeko ideia, berriz, bigarren horren historiak ekarri du; izan ere, bigarren kasu horrek hainbat eraldatze fisiko izan ditu: irudizko lerroa izatetik, metalezko hesia izatera, eta gero harresia. Horregatik, ederto irudikatzen du mugako lurraldeen eta harresien historia zaharra. Espero dugu testu honek emaitza iradokitzailea izatea.

Arrazoi askok bultza dezakete herrialde bat mugako harresiak eraikitzera, baina kontu nabarmena da herrialde boteretsuenek eraikitzen dituztela, botere gutxiagoko herrien aurrean. Alegia, ahulek oso gutxitan eraiki izan dituzte harresiak indartsuenengandik babesteko; aitzitik, indartsuek eraikitzen dituzte, migrazioak mugatzeko eta erresistentzien kontra borrokatzeko, edo, orokorki esanda, beren indarra erabiltzeak beste herrialde hartan eragiten dituen efektuei jaramonik egin behar ez izateko. Joera hori egiaztatzen da Ameriketako Estatu Batuen kasuan Mexikorekiko harremanetan, bai eta beste kasu askotan ere: adibidez, Israelen Palestinarekin, Espainian Marokorekin, Marokon sahararrekin, Turkian kurduekin…

Harresiak hainbat modutan sailka daitezke: haietako batzuek herri bera banantzen dute bi multzotan: esate baterako, Zipren, Ipar Korean eta, 1989 arte, Alemanian; beste batzuek herri azpiratu bat urrun edukitzea dute helburu: horiexek dira Israelen kasua Palestinan, Turkiarena, Irlandarena ez aspaldi eta Mendebaldeko Sahararena; azkenik, beste zenbait kasutan, herrialde aberatsek eraikitzen dituzte pobre gehiegi —herrialdeek beroriek laguntzen duten arren pobreak sortzen beren mugetatik kanpo— ez dakien euren lurraldeetara sar bizimodu hobe baten bila, eta horrelakoak dira Ameriketako Estatu Batuen kasu Mexikoren aurrean edo Espainiarena Ceutan edo Melillan.

Antza denez, zerbaitek jartzen ditu erlazioan harresi guztiak: beti bilatzen dute jendearen arteko banantzeak ezartzea edo horiei eustea, baina berezko banantzeak izan gabe. Halaber, herrien arteko bereizketak egitea bilatzen dute, eta bereizketak behin betiko bihur daitezela. Hala, adibide bat ematearren, Ameriketako Estatu Batuen eta Latinoamerikaren arteko arrakala ekonomiko izugarriak, hartu-eman desorekatuek eta beste estekatze-modu zabarrago batzuek sortua, migrazio-fluxu handia ekarri du alde txirotik alde aberatserantz. Errealitate horretan, harresiaren funtzioa da aberatsen eta pobreen arteko ezberdintasuna bere horretan edukitzea eta betikotzea, bai eta ekiditea ere pobre gehiegi lurralde pribilegiatura era askean irits daitezen edozein modutan.

Israelek Palestinarekin duenak ezberdina dirudi; baina, arretaz aztertuz gero, ez da horren bestelakoa. Hor, alde ekonomikoaz gain, bada beste arazo bat: israeldarren kolonizazioa eta etengabeko lurralde-hedapena Palestinako herriaren bizkar, bai eta bakea lortzeko konponbide iraunkorrik ez egotea ere. Potentzia okupatzaileak uko egin dionez bi Estaturen aldeko ituna lortzen saiatzeari, non palestinarrek subiranotasun osoa izango luketen lurralde aitortu baten barruan, herri azpiratuak erresistentziari ekin dio, pentsaturik bizi beharko litzatekeela Estatu baten eskubide guztiak edukita.

Gainera, muga-hesiek herrien gaineko kontrol mentalerako funtzioak ere betetzen dituzte, ezberdintasun zorrotzak ezartzen baitituzte definitzeko nor diren “batzuk” (Estatu boteretsuaren kideak) eta nor “besteak” (askatasunaren eta ugaritasunaren lurraldetik baztertuak). Dena den, beharrezkoa dateke argitzea askatasun eta ugaritasun horiek, zenbaitetan, kimerikoak direla alde boteretsuko biztanle gehienentzat; baina hori ere goian aipaturiko kontrol mentalaren funtzioen artean sartzen da: populazio ororen gaineko kontrola erraztea, ez soilik era argian azpiratuta eta zokoratuta dauden horien gainekoa, nahiz eta egia den horiexek neurri handiago batean nozitzen dutela harresien ondoriozko bazterketa.

Ameriketako Estatu Batuak eta Israel mugen aurrean

Inolako zalantzarik gabe, Israelen harresia oso bestelakoa da estatubatuarrenaren aldean, batik bat testuinguruan eta helburuetan; hori ez da harrigarria inorentzat ere —horregatik, hain zuzen, ezberdintasunak baino, antzekotasun nabarmenak dira benetan deigarriak—. Ez da azterketa-lan handirik egin behar kontura gaitezen Ameriketako Estatu Batuek Mexikorekiko mugan eraiki harresia oso ezberdina dela Israelek Palestinan (hala Gazatik banantzeko asmoz, nola Zisjordanian ere) altxatutakoaren aldean. Gorago ere aipatu dugu aurreneko diferentzia: lehenengoaren helburua aberatsak eta pobreak elkarrengandik aparte edukitzea da; bigarrenak, ostera, herri bat eduki nahi du aparte, gatazka baten ingurumarian, nahiz eta kasu horretan alde handia egon bi alderdien aberastasun-mailan ere. Edonola ere, beharrezkoa da zenbait erkaketa-puntu azpimarratzea testuinguruaren aldetik, zenbait antzekotasun eta ezberdintasun interesgarri hautematearren.

Ameriketako Estatu Batuek, Israelek bezalaxe, lurralde-anexioen historia luzea dute, zeinak nazioaren ezaugarri nagusietako batzuk definitu dituen. XIX. mendean, estatubatuarrek Ipar Amerikako hainbat lurralde harrapatu zizkieten nahiz herri indigenei nahiz beste Estatu batzuei, Mexikori besteak beste. Ekintza haiek justu hedapen kapitalistaren garai baten aurretik gertatu ziren, non Ameriketako Estatu Batuak arin baino arinago hazi ziren etorkin europarren helduerari esker eta hainbat sektoreren garapen trinkoari esker: tamaina handiko industria, agroindustria, meatzaritza, komunikabideak eta garraioa —burdinbidea eta telegrafoa, batez ere—, eta banka zein finantza modernoak.

Palestinan, nahiko ezberdina da gertaeren segida, nahiz eta antzekotasunen bat baduen Estatu Batuen esperientziarekin. Israel, Estatu gisa, palestinarren lurrak desjabetzen hasi zen XX. mendean, oraindik ere amaitu gabeko prozesu batean. Edonola ere, bi prozesuetan presente dago muga mugikorraren ideia (heda daitekeen muga), bai eta estatu-nazio moderno eta kapitalistak sortzeko asmoa ere. Bi kasuetan, halaber, agintarien jomuga zen proiektu horiek inguruko lurraldeak ustiatuta gauzatzea, haien ustez eskualde horiek hutsik zeudelako edo, hala ez bazen, atzemateko libre. Mendebaldera edo hego-ekialdera begira, kolono estatubatuarrek frontier ikusten zuten, ez border; hau da, haien aburuz, han ez zegoen muga ezarririk, baizik eta behin-behineko muga-gune bat, zeinaren etorkizuna baitzen hedapenaren parte izatea indigenen eta Mexikoren lurrak hartuta. Ameriketako Estatu Batuetan, asmo horiek “Ageriko Patua” izeneko ideian laburbiltzen ziren (“Manifest Destiny”) XIX. mendean; Israelen, aldiz, XX. mendean, Bibliako lurraldeak Estatuan txertatu behar zirelako ideian.

Gauzak horrela, bi kasuotan, hala Israelen nola Estatu Batuetan, kolonoen asmoa zen bertako berezko populazioa kontrolatzea, sortzen ari zen esparru nazionaletik kanpo uzteko, ahal zen neurrian. Bi prozesuetan, herrialde espantsionistek beren nazioa kapitalista, zibilizatu eta modernotzat zeukaten; pentsatzen zuten garapen betean zeudela eta bazeukatela Jainkoak emandako eskubidea —ia-ia betebeharra— bertako populazioen aurka borrokatzeko, haiek areriotzat baitzituzten; haien ustez, lehengo herri horiek atzeratuak ziren —“barbaro”tzat jotzen ez bazituzten, edo ia hutsaltzat— eta, beraz, inolako begirunerik merezi ez zutenak.

Ameriketako Estatu Batuak mundu osoko kapitalismoaren erdigune gisa garatu ziren, eta Israelek sistema horrixe estuki lotzea erabaki zuen. Izan ere, Palestinan kokatu aurretik ere, nazionalismo sionistaren garapenaren lehenengo garaietatik, Israelgo Estatua izango zenaren liderrek bazuten asmoa sistema globalaren erdiguneari estuki lotzeko, edozein zelarik ere.

Bitxia bada ere, biek dituzte antzeko ezaugarriak inguru geografikoarengatik: alegia, biak planetako herrialderik aberatsenetakoak izaki, ondoan badituzte lurralde pobreak, non biztanle gehienek lehian diharduten bizirauteagatik. Horrek ez du kentzen Estatu jori horiek populazio txiro ugari ez edukitzea beren lurralde aitortuaren barruan, baina, bitxia bada ere, txiro horien arteko asko lurraldearen barruan bizi dira, nahiz eta “besteen” taldekoak diren. Beste modu batean esanda, Ameriketako Estatu Batuetako biztanleriaren baitan bada portzentaje garrantzitsu bat jatorri mexikar edo latinoamerikarra duena, munduko beste hainbat tokitako jendeaz gain; eta Israelek palestinar asko ditu bere mugen barruan, bai eta etorkin afrikarrak eta beste hainbat lekutakoak ere.

Harreman horiek —koloniala, Israelen eta palestinarren artean; neokoloniala, Estatu Batuen eta Mexikoren artean— oso egoera ezberdinak sortzen dituzte, eta oso ondorio desberdinak. Hortaz, bestelakoak dira munduko superpotentziak Mexikorekin eta mexikarrekin darabilen lotzeko sistema eta Israelek darabilena palestinarrekin. Hala, kolonialismo zuzenak lotura-harreman bortitzagoa eskatzen du neokolonialismoak baino, bai eta erreakzio sutsuagoak zuzenki kolonizaturiko populazioaren partetik. Harreman neokolonialean independentzia dago, eta horrek ahalbidetu egiten die mendeko Estatuko herritarrei beren gobernu-formak eta agintariak hautatzeko beren moduak ezartzea, era librean (itxuraz, behintzat).

Harresiak eta zainketa

Nahiz eta jatorrian bakoitzaren motibazioa ezberdina izan, Estatu Batuek eta Israelek antzeko hesi fisiko eta zaintzarako sistemak eraiki dituzte beren mugetan; hala, bi egituren argazkiak ikusiz gero, antzekotasun handiak igar daitezke. Adibide gisa, har ditzagun jendea pasatzeko kontrol-postuak: hala estatubatuarrek nola israeldarrek ilara luzeak eragiten dituzte, eta jendeak luze (batzuetan, orduak eta orduak) itxaron behar izaten du, zementuzko hesien eta oztopo mehatxatzaileen erdian, beste aldera igarotzeko. Halere, agintari israeldarrek argudiatzen dute harresiak eraikitzeko arrazoi nagusia palestinarren indarkeriazko ekintzak ekiditea izan zela; estatubatuarrek, aldiz, baieztatzen dute agiririk gabeko etorkinen eta droga ilegalen fluxua geldiaraztea izan zela beren funtsezko helburua.

Aparte utzita ageriko antzekotasunak eta ezberdintasun esplizituak, egia da Estatu Batuetako eta Israelgo agintariek eta enpresek lankidetza estua dutela bien harresiak zein zaintza-mekanismoak eraikitzeko eta erabiltzeko orduan. Hala, Lurralde Nazionaleko Segurtasun-departamentuak (Department of Homeland Security, DHS) eta Mugen Babeserako eta Aduanetarako Bulegoak (Customs and Border Protection, CBP) Israelekin kolaboratzen dute, eta hori erraz froga daiteke: Estatu Batuetako gobernuko bi erakunde horiek Israelgo segurtasun-enpresak kontratatu izan dituzte (Elbit Systems of America, kasu) beren harresia eraikitzeko. Orobat, Israelgo beste enpresa batzuek (adibidez, Elta North America edo Magal Security Systems) interesa adierazi dute berek ere parte hartzeko harresiaren eraikuntzan Mexikoko mugan.

Halaber, Donald Trump presidenteak Israelgo harresia aipatu du jarraitu beharreko “eredu” gisa Mexikori buruzko bere proiekturako; eta, horregatik, haren asmoa da Estatu Batuen harresia berriztatzea, sendotzea eta zabaltzea mugan zehar. Trumpen txio hari Israelgo lehen ministro Netanyahuren beste batek erantzun zion, zera zioelarik: “Trump presidenteak arrazoi du: harresi bat altxatu nuen Israelgo hegoaldeko muga osoan. Geldiarazi egin zuen immigrazio ilegal guztia. Arrakasta handia. Ideia bikaina”.

Bi kasuotan, hesi militartuak dira, eta gero eta sofistikatuagoak teknologia aldetik. Israelgo Estatuak uko egin dio bereari “harresi” edo, gutxienez, “hesi” deitzeari, eta behin eta berriro errepikatzen du “segurtasun-langa” bat dela; halaber, esaten du haren helburua ez dela palestinarrak isolatzea, ezpada Israelgo segurtasuna bermatzea. Hala eta guztiz ere, zementuzko benetako harresia da zenbait kilometrotan; eta beste leku batzuetan, non agintariek erabaki duten arriskua txikiagoa dela, sistema teknologiko konplexua eraiki dute: 50 metroko zabalerako benetako hesia, ehunka kilometrotan. Albo batean hortz-alanbrezko piramidea du, ondoan lubakia, gero hesi altua, ondoren harea-zerrenda (muga zeharkatu nahi dutenen oinatzak antzeman ahal izateko), segidan bide asfaltatua patruilak pasatu ahal izateko, ostean kameren eta beste detektagailu elektronikoen sistema, beste harea-zerrenda bat eta, beste muturrean, hortz-alanbrezko beste piramide bat.

Ameriketako Estatu Batuak, beren Mexikorekiko mugan, hesi-sistema bat eraiki dute, zeinak antz fisiko handia duen Israelgoarekin, nahiz eta egoera bien artean ezberdintasun nahikotxo egon, bai harresia altxatzeko aipatu arrazoien inguruan, bai banandu beharreko lurraldeetako populazioekin dituzten harremanen inguruan: batean, erlazio guztiz koloniala; bestean, neokoloniala.

2002tik, Israelgo agintariek argudiatu izan dute harresia eraikitzeko arrazoi nagusia izan zela palestinarren indarkeriazko ekintzak ekiditea, urte haietan matxinatuta baitzebiltzan Bigarren Intifada izenez ezagutzen den mugimenduan. Hala ere, tartean bada hagitz kontu deigarri bat: Israelgo harresia ez dago “bere aldean”, beretzat duten lurraldea babestu ahal izateko palestinarren lurraldearen aurka; aitzitik, harresia —hein handi batean, behintzat— Israelek 1967ko Gerran okupaturiko lurraldean dago egina, eta hortxe, hain zuzen, kokatuko litzateke, ustez, Palestinako Estatua bake-akordiorik erdietsiz gero bi Estatuen ereduaren arabera. Halarik ere, harresia eraiki izanak beste inpresio bat, oso argia, eragiten du: harresia ez zen egin soilik lurralde-anexioa egitateen bidez kontsumatutzat ezartzeko bake-akordioa adostu bitartean —horrek askoz era eraginkorrean egingo balioke aurre indarkeriari, edozein harresik baino—; aitzitik, bake-akordioren edo konponbide iraunkorren bat erdiesten saiatu ordez eraiki zen.

Ameriketako Estatu Batuen kasuan, harresiak ez du beti izan gaur egungo itxura; kontrara, bertako agintariek eraldatu egin dute, etengabe, azken hamarkadotan, hesi konplexu bihurtu arte. Absurdoena da gogortze hori gertatu dela, hain zuzen, noiz eta Mexikoren eta Estatu Batuen arteko harremanak ondoen zeudenean. Atentzioa ematen du ikusteak zein une aukeratu zuen erregimen estatubatuarrak hesia indartzeko (itxitura zena harresi bihur zedin): une harexetan NAFTA (Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Ituna) negoziatu, sinatu (1994an), indarrean jarri eta aplikatzen hasi ziren. Bada, garai hartantxe abiatu ziren Gatekeeper 1, Hold-the-line eta Safeguard operazioak; era berean, hesian sare-begiak kendu eta altzairuzko xaflak jarri zituzten haien ordez. Horrela, jada bazegoen harresi bat, gaur egungoa baino “bigunagoa” baina lehengoa baino askoz “gogorragoa”.

Badirudi, inoiz Noam Chomsky2 intelektualak aipatu moduan, garai hartan bazirela kontziente Ipar Amerikako merkataritza-integrazioak —eskualdean neoliberalismoa aplikatzeko funtsezko elementua bera— hainbat ondorio ekarriko zituela, eta horietako bat izango zela pobrezia handitzea mugaz hegoaldean, eta horrek, ziur aski, zera ekarriko zuela: iparralderanzko migrazio-fluxuak emendatzea Mexikoz zein Rio Grande Ibaiaz hegoalderako gainontzeko herrialde guztietatik.

Horrez gain, gogoratu beharrekoa da hori guztia Berlingo harresia eraitsi eta gutxira gertatu zela, globalizazioaren hastapenetan; hortaz, benetan harrigarriak ziren hesia gotortzeko argudioak. Aipatu zen, besteak beste, Mexikorekiko muga “porotsu”egia zela, eta horregatik arriskuan jartzen zuela Ameriketako Estatu Batuen segurtasun nazionala. Aipatzeke geratzen zen, ordea, logika globalizatzailearen baitan askoz muga porotsuagoa behar zela merkataritza askeko esparruan ekoitzitako merkantzietarako, baina ez pertsonentzat. Aipatu zen, orobat, hainbat arrisku handitzen ari zirela —nazioarteko terrorismoa edo drogen trafiko ilegala, esaterako— edo agi zitekeela Mexiko barruko indarkeria mugaren beste aldera igarotzea.

Horrela, 1990etik hona, nazioarteko hesia harresi bilakatu da. 2006an, George W. Bush presidentearen agintaldian, Secure Fence Act onartu zen, Israelek Zisjordaniako lurretan eraikitako harresia adibide gisa hartuta. Handik aurrera, gobernu federalak milaka milioi dolar xahutu zituen “hesi segurua” (egiatan, harresia) altxatzeko Mexikorekiko mugan, aurreko hamarkadan egindako hesiak —jada aski gogorrak zirenak— ordezkatzearren. Era horretan, Trump jaunak Mexikon “inoiz ikusi den harresirik handiena” eraikitzeko ekimena iragarri aurretik ere, Tijuana eta San Diego artean bazegoen hesi gotor bat, hamarnaka kilometrotan zehar, hiru hormaz, argi itsugarriez, mugimendu-detektagailuez, gau-ikusmenerako ekipoez, lur orotako kamionetez eta borrokarako helikopteroez hornitua.

Harresien helburua

Zalantzarik gabe, bi harresiek (hala Israelenak nola Estatu Batuenak) helburutzat dute kolonizatuen edo menpeko herrialdeko biztanleen igarotze askea galaraztea, eta, horrela, selekzionatu ahal dute, eraginkortasun handiz, zer, nor eta noiz pasatuko den alde batetik bestera. Dena den, begi-bistako xede horretatik harago, egitura fisiko eta teknologiko handiak dira, eta bi Estatuen segurtasunerako makineriaren atal bat dira, populazioen (lurraldearen barruan bizi direnak nahiz handik kanpo) maneiu biopolitikorako.

Pobrezia areagotu egin da Mexikoren eta Estatu Batuen arteko mugaren hegoaldean Merkataritza Askeko Ituna sinatu zenetik, eta horrek migrazio-fluxu etengabea ekarri du, garai bertsuan nabarmen zorroztu den arren mugen kontrola. Israelen kasuan, bada beste helburu bat: saihestu nahi dute pertsona kolonizatuak —Amerikako kasuan, neokolonizatuak— libreki irits daitezen harresia eraiki duen Estatura; horrela, Israelgo ordezkariek ez bestek aukeratu eta erabakiko dute nor pasatuko den. Gauza bera gertatzen da merkantziekin; goian esan dugu harresiaren helburua ez dela salgaiek muga igaro dezatela ekiditea, baizik eta zeintzuk eta zein hitzarmenen arabera pasatuko diren kontrolatzea. Halaber, asmoa ez da merkantzia ilegal guztien trafikoa eragoztea: soilik debekatzen dira harresiaren eraikitzaileak nahi dituenak. Era horretan, CBPk (Customs and Border Protection) galarazten du Mexikotik droga ilegalak ailegatzea Ameriketako Estatu Batuetara, baina berdin zaio ikuskatzea ea arma-trafiko ilegalik ote dagoen iparraldetik hegoalderantz. Horrela, harresien bidez, harresien osagai guztien bidez, kontrolatzen eta iragazten saiatzen dira, eurek zehazteko zer onartzen den, zer errefusatzen den, zein neurritan eta nondik nora.

Edozelan ere, harresiak ez dira bakarrik iragazkiak, funtzio hori txit garrantzitsua eta eztabaidagarria bada ere. Iragazki ez ezik, harresia eraiki duen Estatuaren ikur sendoak ere badira populazioen aurrean, horiek barrukoak zein kanpokoak izan. Zentzu horretan, azpimarratu beharrekoa da harresiak eraikitzearen bidez badagoela zenbait erreakzio psikologiko —harresiak berak, elementu fisikoak, sortuak— sublimatzeko asmoa, harresia “gobernatze”aren ekintza baita, Michel Foucaulten esamoldea erabiltzearren. Hesi horien bitartez, kontzeptu bat indartu nahi dute pertsonen buruan: “irudimenezko geografiak”, Edward Saiden hitzetan3. Horrela, botere batek (normalean, Estatua), —eta klase dominatzailearekin lankidetzan, askotan— lurralde bat zedarritu ostean, giza talde bat “gu” moduan definitzen du eta partaide izateko eskubide osoa aitortzen dio; aitzitik, muga horretatik at lotzen diren guztiei “zuek” esaten die. Antipoda horretako subjektuak elkarren menpeko dira.

Era horretan, harresiak geopolitika-ekintza hutsak dira. Saiden kontrako alderdi intelektualean, Samuel Huntingtonek, boterearen akademikoetako bat, bere burua ikusten zuen diskurtso geopolitikoen sortzaile gisa, Ameriketako Estatu Batuen eta Mendebaldeko zibilizazioaren onurarako, azken hori nahiko era berezian ulertzen bazuen ere. Bada, Huntingtonek, bere libururik famatuenetako bitan4, irudimenezko geografiak indartzea proposatu zuen, ondokoak banantzeko: alde batean, berak “zibilizazio mendebaldarra” gisa definitzen zuena eta estatubatuarren nortasuna, “gu” esparrua sortuta; beste aldean, musulmanak edo txinatarrak, kasu batean, edo mexikarrak eta latinoamerikarrak, bigarrenean, “besteak” izango lirateke.

Irudimenezko geografia horiek ondorio ideologiko gogorrak dituzte: harresiak tresna eraginkor bihurtzen dira gizakien arteko bereizkeriak ugaltzeko, ulertuta gizakiak berez direla ezberdinak, nahastu ezin diren “arrazak”. Harresiek”, beraz, irudimenezko kartografia hori induzitu nahi dute gure burmuinetan, norbanakoengan partaidetza- eta alteritate-kontzeptuak txertatzeko, zeinak estu lotuta dauden arrazakeriari.

Garrantzitsua da ohartzea boterearen goi-esferek zenbait ezaugarri eransten dizkietela euren aginduz eraikitzen diren harresiei, helburua izaki ondorio ideologiko batzuk sorraraztea barne hartutako komunitatearen norbanakoengan, eta kontrako ondorioak eragitea kanpo geratzen diren edo baldintza batzuen pean barne hartutako komunitateetan. Agian, hori guztia modu argiago batez azal daiteke: Ameriketako Estatu Batuetan, Trumpen gobernuak nahi du harresi fisikoak harresi mentala eraiki dezala pertsona zuriengan, horiek bere burua aldarrikatuta sentitzeko nazio estatubatuarraren benetako partaide gisa. Nahi du, halaber, beste aldekoak —haren definizioaren arabera, aurreko komunitate horretan parte hartu behar ez duen jendea— amerikar batasunetik baztertuta senti daitezela. Israelen, badirudi boteretsuek antzeko guraria dutela harresi fisikoaren inguruan: inklusiorako eta bazterketarako hesi mentalak sortzea, zeinen arabera juduak komunitatearen partaide oso sentituko diren eta palestinarrek ikusiko duten baztertuta daudela, ez direla bertara sartzen, ez dutela bat egiten, ez direla bertako partaide.

Harresien ondorio mentalak are urrunagora joan daitezke zentzu literalean eta figuratuan, eta irudimenezko geografiak sorrarazi ditzakete jendearengan, harresiek fisikoki banantzen dituzten lurraldeetatik harago. Efektu psikologikoak edozeini eragin diezaioke, berdin diolarik non bizi den edo inoiz egon den harresiaren aurrean. Bazterketa- eta alteralitate-efektu psikologikoek mexikar guztiei eragiten diete, mugaren iparraldean edo hegoaldean bizi badira ere. Bi kasuetan, harresiak baztertuta sentiarazten ditu, pentsaraziko die ez direla partaide, ez direla ongi etorriak. Gauza bera gertatzen zaie palestinarrei: hesiak alteralitate-sentsazioa sortzen die, “ni ez naiz horren partaide” pentsamendua, bizi badira ere Israel barruan, Zisjordanian, Gazan, edo baita diasporan ere. Kontrako aldean, hesiek inklusio-sentsazioa indartzen dute —estatubatuar zuriei “amerikar” nortasuna ematen diete; “israeldarra”, aldiz, Israelgo juduei—; alegia, komunitateko benetako partaideak sentiarazten dituzte biztanle horiek, edonon bizi direla ere. Noski, hesi fisikoek eurek ez dute sortzen efektu hori guztia; harresiak osagaietako bat besterik ez dira botereak eraturiko segurtasun- eta kontrol-egitura konplexu baten barruan, non beste hainbat elementu fisiko, legal eta ideologiko dauden. Horien artean sartu beharko lirateke, nola ez, Israelgo Estatu-Nazio Juduaren Legea edo, Ameriketako Estatu Batuen kasuan, migrazio-legea eta arraza-identifikaziorako praktikak.

Bestela esanda, barrera fisiko, teknologiko eta militar horiek, iragazi eta nor sar daitekeen erabaki ez ezik, hesi mentalak induzitu nahi dituzte norbanakoengan, haiek onar eta errepika dezaten segregazio- eta banantze-egoera, non “bestea” bereizi egiten den; eta horrek guztiak, gainera, nagusitasun- zein gutxiagotasun-inplikazioak transmititzen ditu. Bistan da, beraz, hesi fisikoak ez daudela bakarrik, baizik eta, Michel Foucault (1977)5 aipatuta, egitura baten barruan, osagai gisa; hau da, multzo baten parte dira, non badauden “hainbat diskurtso, erakunde, instalazio arkitektoniko, arau-mailako erabaki, lege eta administrazio-neurri, zeinak izan daitezkeen agerikoak edo ezkutukoak”.

Harresiak eta beraien ondorioak bizi izanak —kontrol-postuak, zeharkatzeko ilarak, mugazainak, lagunak edo ahaideak “beste aldean”edukitzea, edo deportatuta edo atxilotze-zentroetan, baita albisteak entzutea ere harresiaz edo umeak eta gurasoak banandu egin dituztela agiririk gabe muga zeharkatzearen ustezko delitua egiteagatik—, horrek guztiak lagundu egiten du mexikarra edo latinoamerikarra “kanpokoa” senti dadin. Berdin dio lurra lantzen ari den Kalifornian, Texasen edo Mexiko Berrian, eraikinak garbitzen diharduen Chicagon, Los Angelesen edo New Yorken, edo irakaslea edo ingeniaria den Ameriketako Estatu Batuetako edozein tokitan, edo, baita ere, mugatik gertu bizi den eta alde batetik bestera igaro behar duen eskolara joateko, erosketak egiteko edo ahaideak bisitatzeko; harresiaren inguruko esperientziak, zuzena edo zeharkakoa izan, pertsona horri sentiaraziko dio bera ez dela komunitatearen eskubide osoko partaidea.

Halaber, Israelgo harresia edo beraren ondorioak bizi izana edo, baita ere, entzun izana —kontrol-postuak, polizien edo militarren abusuak, zeharkatzeko ordu luzeetako itxaronaldiak, eguneroko laidoak, “beste aldean” dauden norberaren lurretara edo ur-putzura askatasunez joan ezin izatea edo, besterik gabe, harresiaren inguruan ibili ezin izatea— , hori gehitu egiten zaie egitura kolonialaren gainontzeko osagaiei antzeko alteralitate-efektua sortzeko, palestinarrak kanpotar bihur daitezen, “besteak”, lur haietakoak ez direnak eta bertan lekurik ez dutenak. Ipar Amerikan bezalaxe, oso garrantzi gutxikoa da harresiaren zein aldetan jaio diren, bizi diren edo lan egiten duten, Israelgo edo Palestinar Aginte Nazionaleko pasaportea duten, bai eta New Yorken, Txileko Santiagon, Sao Paulon, San Pedro Sulan, Londresen, Beiruten, Damaskon edo Ammanen bizi diren ere. Harresia eraikitzeko arrazoia ere bada haiengan “bestetasun” sentimendu bera ernaraztea.

Erresistentziak

Ameriketako Estatu Batuen eta Israelen harresien arteko ezberdintasunak aski begi-bistakoak dira eta merezi du haiek ulertzea; baina askoz interesgarriagoa da ikustea nolako antzekotasunak dituzten; hortxe daude, egon ere. Hala ere, oso finak izan daitezke, eta harresiak eraikitzeko egoerak eta aipatu diren arrazoiak ezberdinak izaten dira.

Zorionez, harresien aurkako erresistentziak —hala iragazki biopolitiko gisa, nola segurtasunerako zein gobernatzeko egitura gisa, horrek dakarren eduki sinboliko guztiarekin— ugari eta mota askotakoak dira. Bataila gogorra da, maiz lider politiko edo sozial batzuek arrakasta baitute harresien introiekzio mentala sustatzen. Tijuanan, esate baterako, Juan Manuel Gastélum alkateak, eskuinekoa eta Trumpen adibideak bultzatuta, lortu zuen herritarren zati bat mugiaraztea Hondurasetik zetorren migrazio-karabanaren aurka 2018an6, beldurra eta arrazakeria ereinda mexikarrak banantzeko erdialdeko amerikarrengandik eta baita beste mexikarrengandik ere. Zorionez, haren arrakasta mugatua izan zen, eta berrautaketa galdu egin zuen hurrengo urtean.

Oso zaila da herriak harresia eraistea; bestela, gero eta gutxiago leudeke; baina badakigu gero eta harresi gehiago daudela munduan. Berlinen, orain dela hiru hamarkada baino gehiago lortu zuten bertakoa botatzea, mazo-kolpeka, herri-altxamendu eskerga baten ondorioz, non harresia bera hartu zuten opresioaren ikur argitzat. Halaber, aspaldi honetan milioika etorkinek barre egin diote Estatu Batuetako harresiari muga zeharkatzea lortuta, arazoak arazo; gauza bera egin dute milaka haitiar, hondurastar eta erdialdeko amerikarrek 2015etik, hainbat ekintza nabarmenen bidez.

Politika antolatua baino, ekintza-sorta dago kolonizatuen eta neokolonizatuen aldetik, bai eta gizarte kolonizatzailearen edo neokolonizatzailearen barruko pertsona batzuen aldetik ere, harresien kontrako erresistentzia erakusteko asmoz eta haiek eraisten saiatzeko, gutxienez sinbolikoki. Hala gertatzen da nahiz Palestinan Israelgo harresiaren aurrean, nahiz Mexikon Estatu Batuetakoaren aurrean.

Hala eta guztiz ere, hemen nabarmendu nahi genuke harresien kontrako ekintza-mota jakin bat, zeinak harremanetan jartzen duen, beste behin, zer geratzen den Mexikon Ameriketako Estatu Batuen harresiarekin eta Palestinan Israelgoekin. Zalantzarik gabe, ez da ekintza-mota bakarra, baina guztiz deigarria da bere indar enblematikoarengatik. Kontua da herritar gazteek, edo ez hain gazteek, bertako zein kanpoko artistekin batera, beren irudimena eta sormena baliatzen dituztela harresiak sinbolikoki botatzeko: grafitiak edo horma-arte urbanoa egiten dituzte harresien azalean, askotan haiek deseraikitzeko asmoz. Nahiz eta dekonstrukzioa ez gertatu soilik esku-hartze artistikoen bitartez —izan ere, ekintza politiko edo sozialen bidez ere gertatzen da, edo egunerokotasuneko erresistentzia ñimiñoen bidez—, harresi gaineko arteak badu indar berezirik. Artelanek badute gaitasuna boteretsuek ezkutatu eta isildu nahi duten hori begi-bistan jartzeko.


1 Timothy J. Dunn, José Palafox, “Handout 4.1 – Militarization of the Border”, UUA Immigration Study Guide , Unitarian Universalist Association, 2005.

2 Noam Chomsky, “El Momento unipolar y la era de Obama”, Conferencia , Sala Nezahualcóyotl, Universidad Nacional Autonoma de México (UNAM), Ciudad de México), 21 de septiembre 2009.

3 Edward Said, Orientalism. Penguin, Londes, 2003 (1978), pp. 49 y ss.

4 (1) S. P. Huntington. The Clash of Civilizations and the Remaking of World Order. Simon & Schuster, Nueva York, 1998. (2) S. P. Huntington. Who Are We: The Challenges to America’s National Identity. Simon & Schuster, Nueva York, 2005.

5 Michael Foucault. “El juego de Michel Foucault”, en Saber y verdad, pp. 127–162. (Madrid:La Piqueta, 1991)

6 Elías Camhaji,“El alcalde de Tijuana arremete contra la caravana de emigrantes”, El País, 17de noviembre 2018.