Harresien Nazioa: kolonialismoa, arrazismoa eta harresiak Estatu Batuetan

Khury Petersen-Smith

(traducido por Loles Oliván Hijós)

Harresien Nazioa: kolonialismoa, arrazismoa eta harresiak Estatu Batuetan

Manifestantes en la protesta del movimiento Occupy Seattle marchan por el centro de la ciudad hasta la sede del Banco de América. (Créditos: Tyler Stringfellow/IPS)

Bereizteko mugen eta harresien aurreko erresistentzia gure garaiko mundu-mailako borrokarik urgente eta galbanizatzaileenetakoa da. Azken hamarkadetako historiak mugetako harresiak estigmatizatu egin baditu ere, munduan –bereziki Berlingo Harresiak bereizketa eta zapalkuntza sinbolizatzen zituelako–, egun Estatu batzuek sustatu egiten dituzte, eta eskuineko politikari zenbaitek legitimoak balira bezala altxatzen dituzte mundu osoan. Ekialde Hurbiletik Ipar Amerikaraino, Europatik Afrikaraino, gobernuek harresiak eraikitzen dituzte, zapaldutako komunitateen mugikortasuna zaintzeko eta biztanleak irizpide nazionalen arabera banantzeko.

Estatu Batuak eta Israel dira –modu suntsitzailean izan ere– harresiak legitimatzeko eta eraikitzeko bidearen sustatzaile nagusiak. Israelek Zisjordania zeharkatzen duen harresia eraiki izana, 2001ean hasita, herri palestinarraren joan-etorrirako askatasunaren kontrako eraso publiko larria izan zen, Israelek Palestinako lurraldean egikaritzen duen zaintza are gehiago finkatzeko estrategiaren baitan. Alabaina, proiektuak harresiekiko nazioarteko sentsibilitatea ere mobilizatu zuen. Nazio Batuen Batzar Nagusiak, Nazioarteko Justizia Auzitegiak, Gurutze Gorriak eta giza eskubideen aldeko hainbat erakundek gaitzetsi egin bazuten ere, Israelek harresia eraikitzen jarraitu zuen. Estatuak, era berean, beste bereizketa-hesi batzuk sortu zituen: Egiptorekiko hegoaldeko mugan, okupazio israeldarraren mendeko Gazako Zerrendaren eta Siriako Golango Gainen ertzetan zehar, Jordaniarekiko ekialdeko mugaren zati batean eta Libanorekiko iparraldeko mugan zehar.

Estatu Batuek harresi israeldarren eraikuntza bultzatu dute. Nazio Batuen Segurtasun Batzordean, betoa jarri zien Zisjordaniako Harresia gaitzesteko ekimenei. Israeli etengabe eman dio laguntza harresiaren eraikuntza-fase guztietan. Politikari estatubatuar askok argudiatu dute, Hillary Clinton eta Chuck Schumer senatariek, kasu, Harresia terrorismoa geldiarazteko neurri gisa justifikatuta dagoela.

Trump presidenteak gogotsu goretsi ditu Israelen harresiak, eta 2016ko bere hauteskunde-kanpaina bitartean eta ondoren aipatu izan ditu, bai Israelen eraikuntza-egitasmoak babesteko bai ustez duen legitimitateaz baliatuz Estatu Batuetan Mexikorekiko mugan zehar bere harresiaren eraikuntza zuritzeko.

Estatu Batuek, beren lurraldea bera mugatzen duten mugak gotortzeaz gain, oldarkortasunez sustatzen dute beste Estatu batzuetako mugen militarizazioa. Libano, Pakistan, Oman, Egipto, Jordania eta Tunisiari mugetako segurtasunerako laguntzak ematen dizkien Defentsa Sailaren programa Estatu Batuek mundu osoan mugak sendotzeko finantzatzen dituztenetako bat da1. Omango Gobernua Yemenekiko mugan bereizketa-harresi bat altxatzeko erabiltzen ari da funts horiek2. Jordaniak Irak eta Siriarekin dituen mugetan, Raytheon arma-fabrikatzaile estatubatuarra Jordaniako Gobernuarekin batera ari da lanean harresi fisiko, sentsore automatizatu, behaketa-dorre eta bestelako zaintza-teknologien mosaiko bat eraikitzeko3. Mugimenduen zaintzarako tresna-sorta horri “harresi adimendunak” esaten zaio Estatu Batuetako barne-politikan. Nahiz eta Mexikorekiko mugaren auziak gatazkatsua eta eztabaidagai izaten jarraitzen duen, Estatu Batuak dagoeneko ari dira Jordanian “harresi adimendun” baten eraikuntza finantzatzen. Enpresa estatubatuarrak –Raytheon, kasurako– eta israeldarrak –Elbit Systems, adibidez – mundu osoan mugak militarizatzeko proiektuetan parte hartzen ari dira.

Hortaz, Estatu Batuak eta Israel mundua harresi bidez zatitzeko proiektuaren abangoardian dira, mugetako harresi eta hesien legitimazio ideologikoaren, haien eraikuntzaren finantzaketa materialaren eta haien azpiegitura osatzen duten teknologiaren garapenaren bidez. Harresien eraikuntzari dagokionez mundu osoan fase erabakitzailean murgilduta bagaude ere, garrantzitsua da biztanle-taldeak banandu zituzten hesi eta harresien eraikuntzaren historia gogora ekartzea, hortxe baitaude egun bereizketa-hesiak zuritzeko oinarriak. Estatu Batuek, bereziki, historia zabala dute lurra kolonizatzeko zein segregazio-geografia arrazistak eratzeko eta aplikatzeko bereizketa-hesien eraikuntzan. Zehazki, Estatu Batuen garapenak, proiektu nazional gisa, kolono europarrek herri indigenak kolonizaturiko lurraldeetatik kanpo izateko hesiak eraikitzea ekarri zuen berekin, eta, era berean, estatubatuar zuriek harresiak altxatu zituzten Estatu Batuetako hirietan biztanle beltzak hirietako toki jakin batzuetan sartzeko eta beste toki batzuetan sar zitezen eragozteko.

Hain zuzen, harresien eraikuntza lehenengo kolono ingelesen funtsezko jarduera izan zen gero Estatu Batuak osatuko zituzten koloniak ezarri zituztenean. Bai Jamestownen (Virginia) bai Plymouthen (Massachusetts) –Estatu Batuek ingelesen kokaleku horietan kokatzen dute beren jatorrizko historia–, kolonoek oholesi edo harresi gotortuak eraiki zituzten beren kokalekuen ertzetan.

1621ean, Massachusettsera heldu eta hilabete batzuk geroago, Plymoutheko kolono erromesak beren harresia altxatzen hasi ziren. 1620ko abenduan iritsi ziren Plymouthera, eta beren kokalekuak ezartzeko lurrak konfiskatu, komunitate indigenak eraso eta aliantzak egin zituzten beste batzuekin etsaituta zeuden tokiko zenbait talderekin. Kolonoek milizia bat sortu zuten, zeinaren buruzagia Myles Standish zen, soldadu ingelesa eta Europako gerretako beteranoa bera. Standishen lidergo militarraren bereizgarriak, Massachusettseko kokaleku ingelesean, jokabide erasokorra eta indigenen masakrea izan ziren. 1621. urtearen amaiera aldera, Narraganset herria erromesen jukutrietatik babesteko ekintzak egiten hasi zen. Hori dela eta, Standishen gidaritzapean, kolonoek harresi bat eraiki zuten, ia bi metro eta erdi garai eta ia kilometro bat luze. Horren xedea zen, batetik, bertako biztanleak uxatzea, eta, bestetik, ingelesek lurraldea mendean zutela berrestea. Nathaniel Philbrick historialariak idatzi bezala, harresia eraikita “erromesek argi utzi zuten han luzaroan egoteko asmoa zutela”5.

Badago beste harresi ospetsuago bat, bere legatuagatik, behintzat, Manhattanen. Wall Streetek, nazioarteko finantzen erdiguneak, kolono holandarrak uhartean finkatu zirenean eraiki zuten harresiaren izena darama. Hasieran, holandarrak eta eskualdean bizi ziren Lenapetarrak ongi moldatu ziren, adeitasunez, eta buruzagi indigenek baimena ere eman zieten kolonoei Manhattan uharteko hegoaldean kokatzeko. Alabaina, Willem Kieft buruzagi kolonialak hainbat sarraski sustatu zituen Lenapetarren aurka6; ondorioz, kolonoek eta bertakoek Kieften Gerra delakoa egin zuten7. Testuinguru horretan, holandarrek oholesi bikoitza eraiki zuten –eskulan kolonoa eta esklabo bihurturiko afrikarrak erabiliz8– haiek eurek eragindako areriotasunetik babesteko. Gero, harresi bien arteko pasabidea Wall Street bihurtu zen.

Estatu Batuak eratuko zituzten lehen kolonietan eraikitako harresi hauen gaineko istorioek lotura sakona erakusten dute harresiak altxatzeko eta finantzatzeko Estatu Batuen gaur egungo proiektuekin. Kolonizatzeko xedez bereizketa-hesien eraikuntza Estatu Batuak proiektuaren sortzaileen aurreneko esku-hartzeen artean egon zen.

Estatu Batuetako hiri-harresiak

Estatu Batuetan harresi arrazisten eraikuntzari buruzko istorioak ez dira soilik lehenengo kolonoek bertako lurrak lapurtu eta kolonizatu zituztenekoak. Bereizketa-hesiak jendarte estatubatuarraren arraza-segregazioaren baitan ere izan dira, supremazia zuria eta zapalkuntza arrazista sustatzeko. Harresi horiei buruzko istorioak ezagutzeak arraza-segregazioaren beraren tamaina ikusarazten digu. Izan ere, Estatu Batuetako paisaiako geografia segregatuak, bereziki herrialdeko hirietan, Estatu Batuetako arrazismoaren osagai nagusia izan dira. Ondoriozko hiri-paisaiek enklabe etniko zokoratuak eragin badituzte ere, hainbat biztanleria arrazializatuengan eragina izan dutenak –barne hartuta, adibidez, “auzo txinatarretan” bereizitako txinatar-estatubatuarrak eta beste etorkin asiar batzuk–, bereziki biztanle beltz estatubatuarren joan-etorria konfinatzeko eta murrizteko arkitektura funtsezkoa izan zen, zeina Estatu Batuen historian bilakatu egin den.

Biztanle beltzen egoitza, joan-etorria eta beste jarduera batzuk hiru faktore hauek nahasiz murriztu izan dira historikoki: legeria, agentzia gobernutarren esku-hartzea eta supremazia zuriaren indarkeria. Keeanga-Yamatta Taylor9 eta Richard Rothstein10 akademikoek argudiatu duten moduan, etxebizitza-arloan segregazioa egikaritzeko beharrezkoa izan zen higiezinen industriaren, Etxebizitza Administrazio Federalaren, udal-gobernuen eta norbanako zurien arteko lankidetza. Beharbada, etxebizitzaren esparruan diskriminazio arrazista sistematikoki egikaritzeko metodorik ezagunena “redlining” izenekoa izan zen. Gobernu federalak ondasun-enpresekin lan egin zuen Estatu Batuetako hirietako eremuak biztanle beltzentzako etxebizitzetara bideratzeko, baita baztertuak ziren beste eremu batzuk ere. Erakunde gobernutarrek etxebizitzarako kredituak sustatzeko edo degradatzeko sistema bat garatu zuten, argudiatuz beltzei maileguak emateak arrisku handiagoa zekarrela eta, are gehiago, jabe beltzak zituzten eremuetatik hurbil egoteak arriskuan jartzen zuela etxebizitzen balioa. Horren ondorioz, etxebizitza-kredituak emateko eta ukatzeko jardunbide eta irizpide bereiziak ezarri zitzaizkien familia beltz eta zuriei, eta, horrela, arrazaren arabera bereizitako hiriak sustatu eta finkatu ziren. Segregazioa eragin zuten finantza-jardunbideez gain, Estatu Batuetako zenbait hiritan bereizketa-hesiak eraiki ziren, zeinaren eginkizunak oso agerikoak eta funtzionalak ziren bereizketa arrazistarako. Hesi eta harresi horien historia XX. mendekoa baino lehenagokoa da, baina gerora ere “redlining” jarduketak indarrean jarraitu du.

Washington DCko eremuan, esaterako, bi bereizketa-hesi eraiki ziren, gutxienez. Washingtongo LeDroit Park auzoa 1870eko hamarkadan eratu zen, eremu erabat zuria izan zedin. Black Howard unibertsitate historikoa inguratzen duen esparruan, Howard hiriaren ondoan, auzoaren sustatzaileek hesi altu bat eraiki zuten LeDroit parkearen inguruan, eta sarbideetan guardiak jarri zituzten nor sartzen zen zaintzeko; izan ere, biztanle beltzek debekatuta zuten11.

Arlingtonen, Virginian, Washingtonetik ikusita Potomac ibaiaren beste aldean, non hirian lan egiten duen jendea bizi den, High View Park auzo beltzaren aldameneko eremuetako egoiliar zuriek harresi-sekzioak eraiki zituzten 1930eko hamarkadan, auzokide beltzei sarbidea eragozteko. Sekzio horiek, azkenean, alboko bereizketa-hesi bihurtu ziren, “Hall ‘s Hill Wall” izenez ezaguna, barruan daukan auzo beltzagatik.

Detroiteko 8 Milien Harresiak, “Birwood Wall” eta “Detroit ‘s Wailing Wall [Detroiteko Lamentuen Harresia] izenez ere ezagunak, argi eta garbi erakusten du nola eraiki zituzten politika federalak eta norbanakoek segregazio-harresiak14. 8 Mile Road kaleagatik izendatuta horrela (eta ez harresiaren luzeragatik), harresitik gertu baitago, bereizketarako harresia higiezinen jabetza sustatu zuen bultzada desarrollistaren baitan eraiki zen, 1930eko hamarraldian. Garai hartantxe, 1934an, Etxebizitzaren Administrazio Federala (FHA, ingelesezko siglak) sortu zen, eta AEBetako Gobernuaren agentzia horrek hipoteka-maileguen eta etxebizitzen jabeei eta sustatzaileei bermatutako hipoteken araudia ezarri zuen. Hasieran, FHAk uko egin zion 8 Mile Road inguruko eremuetan etxebizitzak eraikitzeko sustatzaileen proiektuak babesteari, handik gertu biztanle beltzak bizi zirelako. Eraikitzaileen erantzuna izan zen altueran 1,83 metro eta luzeran kilometro erdi baino gehiago zituen harresi bat altxatzea, biztanle beltzak proposaturiko proiektutik kanpo izateko. Orduan, FHAk atzera egin eta egitasmoa finantzatzea onartu zuen15.

Bereizketa sozial eta politikoa hesi kolonial eta arrazisten bidez egiteko jardunbide estatubatuarrak Estatu Batuetan egun dagoen joera azaltzea ahalbidetzen du, alegia, irizpide nazional eta arrazazkoen araberako bereizketa berezko edo arrazoizkotzat jotzea. Jendarte estatubatuarraren bereizgarria da geografia oso dibergente eta arrazializatuak dituela. Ohikoa da Estatu Batuetako hiriak “auzo beltzetan”, “auzo zurietan” eta beste eremu arrazializatu batzuetan banaturik egotea. Gainera, Estatu Batuetako “mugaren” legatua oso bizirik dago oraindik ere gizartearen gogoan, haren historian, eta erreferentziazko puntu gisa politika nazionala eta arraza-gatazkak gaur egun ulertzerakoan. Legatu horren baitako imajinarioan, kolono zuriak kolonizaturiko eremuko mugan daude, zaindu gabeko esparruetan beren burua haien kontra dauden bertakoengandik babesten, “Mendebalde Basatian” bezalaxe.

Espazioa partekatzeagatik edo kontrolpean izateagatik arraza-taldeen arteko gatazkaren kontzeptua ez da berezkoa. Historiako zenbait unetan, eragile politikoek arraza-segregazio orokorra inposatu zuten, eta, horretarako, bereizketa-hesiek beren eginkizuna bete zuten. Hala ere, segregazioa berezko fenomenoa balitz bezala onartzeak argi erakusten du nola ulertzen dituzten estatubatuarrek bereizketa arrazistak eta nazionalismoak funtsezko papera jokatzen duten gatazkak. Adibidez, estatubatuar askok uste dute ezinezkoa dela palestinarrek eta judu israeldarrek Palestinako lurra bakean eta berdintasunean partekatzea, Palestinako borroken konplexutasun eta ezaugarri espezifikoengatik ez ezik, Estatu Batuetako banaketa eta kolonizazio arrazistaren historiagatik beragatik ere. Era berean, gaur egun estatubatuarrek Mexikorekiko mugan harresi bat altxatu behar dutelako ideiak, Latinoamerikako arrotzak saihesteko, edo nagusiki musulmanak diren herrialdeetako pertsonei AEBetara sartzea debekatu behar zaielakoak, arraza- eta nazio-purutasunari muga gotortuen bitartez eutsi dion historiaren oihartzuna dakar.

Harresiak eraistea

Dena den, istorio ilun hauetako batzuek amaiera zoriontsua dute. 1888an, Washingtonen, zurientzat bakarrik zen Howard Townen, LeDroit parkearen ondoko eremuan, bizi zen biztanleria beltza mobilizatu, eta auzoa inguratzen zuen hesia eraitsi zuen. LeDroit parkea indarrez integratu zen, arrazakeriaren aurkako erresistentziaren bidez.

Arlingtonen, Virginian, eskola publikoen integrazioak Hall ‘s Hill Wall eraisteko saiakera eragin zuen. 1960ko hamarkadaren erdialdean, harresiak eragotzi egiten zien haur beltzei Woodlawn Lehen Eskola integratu berrira joatea, eta, ondorioz, bide luzea egin behar izaten zuten hura saihesteko. Gainera, harresiagatik, ezin zuten hurbil zegoen erreka batean sartu. Horregatik, haurrak harresi-puskak botatzen hasi ziren. Azkenean, 1966an, Langston Lehen Hezkuntzako Gurasoen eta Irakasleen Elkarteak, Arlingtongo Eliza Batuko Emakumeek eta hainbat talde komunitario beltzek horma eraisteko eskatu zioten Udalari. Hark harresiaren aldameneko bi etxe erosi eta eraitsi egin zituen, espazioa irekitzeko16.

Gaur egun proposatzen eta eraikitzen ari diren mugako harresiei eta bestelako bereizketa-hesiei buruz eztabaidatzeko, funtsezkoa da Estatu Batuetako bereizketa-harresi eta hesi haien historia ezagutzea, bai eta haien aurreko kokaleku kolonialena ere. Historia horrek agerian jartzen du harresiak, gure egungo testuinguruan adiera beligerantea badute ere, bereizketa arrazista eta kolonialerako politika garaikidearen irudikapen gisa, ez direla berriak. Gaur egun irudikatzen dituzten xenofobia eta arrazakeria aztertzeak zera eskatuko luke: gizarte batzuen oinarriak eurak zalantzan jartzea; izan ere, gizarte horiexei proposatzen zaizkie, konponbide gisa, harresiak: giza taldeen irudimenezko “inbasioen” aurka, talde horiek guztiz arbuiatzen direlarik, arrotz arriskutsutzat jotzen direnez gero. Hori hala da Estatu Batuetan bereziki; izan ere, kolonizazio- eta arrazakeria-historia hain sakona izanik, gaur egun paper erabakitzailea du –bere bazkide israeldarrarekin batera– mundu osoan harresiak sustatzeko jardunean.

Baina, era berean, garrantzitsua da harresiak gainditzeko ahaleginak estimatzea eta inspirazio-iturri izatea. Ahalegin horiek dakartzaten garaipenek erakusten dute herri-erresistentziaren bidez badagoela harresiak eraistea, bereziki harresien eraikuntzaren jomuga direnen garaipenek. Atzoko harresiak eraitsi egin ziren. Bota ez zirenek ez zuten lortu bereizketari eustea. Hor daude, botereaz desjabeturik, bereizketa arrazistaren hondar eta aztarna ezabaezinak bihurtuta. Hala, gaur egungo harresiak ere eraitsiko dira, edo garai ilun eta bortitz baten omenezko monumentu bilakatuko dira. Balio bezate ez dezagun ahaztu, etorkizun distiratsu eta askatuak eraikitzen ditugun bitartean.

Eskerrik asko Leah Muskin-Pierreti artikulu honetarako ikerketan laguntzeagatik.


1 John McCain National Defense Authorization Act for Fiscal Year 2019, Public Law No. 115 – 232, 115th Congress (August 13, 2018), 132.

2 Joe Gill, “’Salalah forever’: Oman’s security wall can’t dent deep Yemeni ties,” Middle East Eye, 20 de enero, 2018.

3 Barbara Opall-Rome, “Raytheon-Jordan Border Defense Against ISIS Enters Final Phase,Defense News, May 26, 2016.

4 William Strachey, True Reportory, 15 de julio, 1610.

5 Nathaniel Philbrick, Mayflower (New York: Penguin, 2006), 130.

6 William James Sidis, The Tribes and the States, (1935), Chapter 7.

7 William Elliot Griffis, The Story of New Netherland: The Dutch in America, (Boston and New York: Houghton Mifflin Company, 1909), 83.

8 New York Historic Society, “White New Yorkers in Slave TimesSlavery in New York, accesado 1 de octubro, 2019.

9 Keeanga-Yamatta Taylor, Race for Profit: How Banks and the Real Estate Industry Undermined Black Home Ownership, (Chapel Hill: University of North Carolina Press, 2019).

10 Richard Rothstein, Color of Law: A Forgotten History of How Our Government Segregated America, (New York: W.W. Norton and Company, 2017).

11 National Parks Service, “LeDroit Park Historic District”, accesado 1 de octubro 2019.

12 Scott McCaffrey, “Historical marker makes note of Arlington ‘segregation wall’ and its impact”, Inside NOVA: Northern Virginia’s Leading News Source, February 27, 2017,.

13 Department of Community Planning, Housing and Development Historic Preservation Program, “A Guide to the African American Heritage of Arlington Country, Virginia”, 2016, 22.

14 Jeff Karoub, “Wall that once divided races in Detroit remains, teaches”, USA Today, 1 de mayo 2013.

15 Elizabeth Baker, “In Detroit, A Colorful Mural Stands As A Reminder Of The City’s ‘Segregation Wall’”, All Things Considered, July 22, 2017.

16 Department of Community Planning, Housing and Development Historic Preservation Program, “A Guide to the African American Heritage of Arlington Country, Virginia,” 2016, 22.