Elkarrizketa: “Haiek hiltzen gaituzten modua globalizatzen badute, guk geure borroka globalizatuko dugu”

Gizele Martins

(traducido por Loles Oliván Hijós)

Elkarrizketa: “Haiek hiltzen gaituzten modua globalizatzen badute, guk geure borroka globalizatuko dugu”

El Julio negro de 2018 dedicado a la lucha desde Palestina hasta Latinoamérica contra la militarización.(Crédito: BDS Colombia.)

2019ko irailean, Stop the Wall-ek Gizele Martins elkarrizketatu zuen, Rio de Janeiroko favela handienetako bateko (Maréko esparrua) ekintzaile eta komunikatzaile komunitarioa.

Stop the Wall: Bolsonaroren gobernu brasildarra ultraeskuindar, arrazista, homofobo eta militaristatzat jotzen da, eta, gehienbat, Israelen aliatu garrantzitsu diren gobernuen olatu berriko partaidetzat. Brasilen eta Israelen arteko zein favelen eta herri palestinarren arteko loturei buruz hitz egin baino lehen, kontatuko diguzu Rio de Janeiroko faveletako errealitatea?

Gizele Martins: Favelak auzo txiroak dira, Brasilgo landa-eremuetako herritar beltzek osatuak. Herritar pobretuak bizi dira bertan, eta orain egungo gobernuaren xede dira. Hala Brasilgo presidente Jair Bolsonaro nola Rio de Janeiroko Estatuko gobernadore Wilson Witzel eskuineko politikariak dira, kontserbadoreak, arrazistak eta faxistak. Hauteskundeak irabazi baino lehen ere, argi erakutsi zuten zer-nolako gorrotoa dieten herrialde pobretuei.

Txiroen aurkako gerrarako armak behar dituztenez, Brasilgo eta munduko beste leku batzuetako arma-trafikatzaileen lagunak dira. Bolsonaroren hauteskunde-kanpainan, Taurus arma-ekoizle brasildarrak nabarmen areagotu zuen bere salmenta mundu osoan, armak nazioartean sustatzeko Bolsonaroren propaganda erabiliz. Rio de Janeiroko egungo gobernadoreak boterera iritsitakoan egin zuen lehen gauzetako bat izan zen poliziarentzako ibilgailu blindatu gehiago erosi, caverões (burezurrak) direlakoak. Horiekin suntsitzen dituzte gure favelak aspalditik.

Ondorioz, polizia-operazioen indarkeria areagotu egin da. Helikoptero gehiago erabiltzen dute favelen aurka tiro egiteko. Are gehiago, ikastetxeei eta gure seme-alabei egiten diete tiro. Aurten, dagoeneko 10 adingabe baino gehiago hil dira tiroen erruz faveletan. “Erresistentzia-ekintzak”1 direlakoak areagotu egin dira; poliziak gehiago erailtzen duela esan nahi du horrek. Urtea hasi zenetik, mila lagun baino gehiago erail dituzte Rio de Janeiroko Estatuan, eta horietatik 16 adingabeak ziren. Azken hogei urteotako kopururik txarrenak dira.

Joan den astean bakarrik, 10 pertsona baino gehiago erail zituzten. Joandako ostiralean, poliziak Ágatha Victoria Sales Félix erail zuen, zortzi urteko neskatoa, Alemãon, Rioko favelarik handienetakoan. Ágatharen erailketak manifestazioak eragin zituen egunero, eta orain, astebete geroago, herrialde-mailako manifestazio handia antolatzen ari gara, nazio- eta nazioarte-mailako antzeko protestek lagunduta.

Bitartean, Rioko gobernadorea faveletako erailketak eta adingabeen heriotzak ospatzen ari da, telebistan. Witzelek adierazi du, jendaurrean adierazi ere, poliziak jardun eta burutxoetara tiro egin behar duela. Harentzat, etsaia herritar beltzak dira.

Bada denbora komunikabide pribatuak herri palestinarraren eta faveletako herritarren arteko paralelismoa egiten hasi zirela. Ágatharen erailketaren osteko protestak aipatzean, TV Band telebista pribatuak argudiatu zuen herri palestinarrak terroristak babesten dituen bezala babesten dituztela faveletako herritarrek kriminalak, eta, horrexegatik, Israelgo armadak Palestinan bezalaxe jokatu behar duela poliziak faveletan. Etsaitzat gauzkate, eta polizia haien salbatzailetzat. Horrek ederki erakusten du haien arrazakeria-maila.

Stop the Wall: Harrigarria da eskuineko gobernuaren aldeko komunikabide pribatuek Palestinaren eta faveletako errealitatearen arteko paralelismo hori egitea. Israelek herri palestinarraren aurka darabiltzan teknologia eta tekniken erabilera zuri dadin ahalbidetzea dakar. Ez dirudi ez Israelek ez Brasilgo gobernuak ez dakitenik zibilei apuntatzen dietela, eta haiek babesteko betebeharra dutela, ez hiltzekoa. Faveletako herritarrak jomuga bihurtu dira gerra ireki batean, herri palestinarra bere osotasunean Israelena den bezala.

Zu Palestinara joan zinenean, Brasil orain faveletan izaten ari den jarrera-gidalerroak antzeman al zenituen?

Cuando usted fue a Palestina, ¿reconoció las pautas del trato que Brasil está adoptando ahora en las favelas?

Gizele: Palestinan, herrien segregazioa ikusi nuen. Are gehiago, familia palestinarrak banandurik, Israelen segregazio-politiken erruz. Ikusi nuena apartheidaren irudi garbia da. Ezinezkoa da munduak ez ikustea. Adibidez, Hebron bisitatuz gero, palestinarrak beren hiriko kaleetara ezin direla atera egin ere ikusiko duzu: palestinarrak eta israeldarrak bereizten dituzten legeak daude.

Harresia han dagoen apartheid-politikaren hainbat alderdiren ikurra da. Herriak, familiak eta udalerriak bereizteak krudelki ematen digu aditzera zenbaterainokoak diren Israelgo Estatuaren garbiketa etnikoa eta arrazakeria; hiltzaile gisara jokatzen dute.

Hemen ere, Rio de Janeiron, badugu Harresi bat, “Lotsaren Harresia” esaten dioguna. Favelak eta hiria bereizten ditu. Osasunean eta hezkuntzan inbertitu beharrean, hiltzeko armak erosten dituzte gure politikariek, eta dirua gure herriak bereizten xahutzen dute. Horregatik gaude herriak elkarrekin borrokatzera deituak, gure eremuak babesteko.

Palestina Marérekin eta Rioko beste favela batzuekin alderatzen dudanean, zera azaldu nahi dut: hemen, Brasilen eta Rio de Janeiron, Israelgo Estatu terroristarekin gero eta harreman estuagoa duten gure politikariek pertsonen bizitzak kontrolatzeko estrategia bera partekatzen dute. Hemen, haien jomuga geu gara, faveletako eta Brasilgo herritar beltzok.

Palestinan zein Rion sumatu dudan beste gauza bat da zer-nolako tema duen estatuaren bortxakeriak adingabeekin. Badirudi herrialde horiek literalki errotik mozteko bidetzat dutela. Alemãoko favelako 8 urteko Ágatha neskatoaren erailketan eta joan den astean Maréko favelako ikastetxean tiro egin zuen helikopteroan pentsatzen ari nintzelarik, adingabeak gure herriaren kontra dagiten genozidioaren epizentroa direla ohartu nintzen. Politika hauek Palestinan ikusitakoekin alderatu nituen: espetxeratzeak eta adingabeen aurkako tiroak, zenbatetan galarazten zaien andre palestinarrei kontrol militarreko postuak gainditzea, ospitalean erdi ez daitezen, haiek eta beren jaioberriak hiltzeko arriskuan jarrita.

Adingabeen aurkako isileko politika badute, gero eta argiago esan behar dugu gure seme-alabak bizirik behar ditugula, eta Estatu horiek gure adingabeei egiten ari zaiena salatu egin behar dugu. Gure seme-alabak hiltzen dituztenean, ez dituzte haiek bakarrik erasotzen: gure ume guztiek haurtzaroa izateko aukera suntsitzen ari dira. Horren aurkako kanpaina egin beharra dugu, nazioartean.

Antzematen eta ulertzen zailena da Palestina krudelkeria-laborategi bihurtu dutela; eta Palestinan ikusi ditudan ankerkeriak gure bizitzen laborategia dira.

Stop the Wall: Egungo gobernuarekin, eta Israelekin harremanak gero eta sendoagoak direnez, badirudi Brasilek bere politikak “israeldartu” nahi dituela, jardunbide horiek gero eta gehiago bere eginez…

Gizele: Bolsonarok, hautatua izan aurretik, hainbat bidaia egin zituen Israelera, hango estatu terroristarekin bat datorrela argi uzteko eta kontrol- eta erailketa-kontuetan trukeak egiteko. Hauteskundeak irabazi eta gero ere itzuli zen bertara. Era berean, Rioko gobernadoreak Israel bisitatu zuen, hauteskundeak irabazi eta gero, teknologia errepresiboa erosteko. Beraz, ez da harritzekoa han, Palestinan, ikusten diren jardunbideak hemen, Rio de Janeiron, faveletan, erabiltzea.

Egia esateko, ez da soilik Palestinako kontua: Rioko favelak ere laborategi handia bihurtu dira. Gure errealitateek, faveletakoak eta Palestinakoak, argi uzten dute mundu-mailako diskurtso eta politika baten aurrean gaudela, zaintza- eta genozidio-politikaren aurrean, hain zuzen.

Harresia mundu-mailako segregazio-proiektuaren ikur sendoa da, Palestinan zein Marén dagoen apartheid horrena, edo Santa Martan, Mexikon, edo Israelgo Estatu terroristaren mailara heltzeko politikak egiten dituen gobernua dagoen edozein herrialdetan.

Israelgo nahiz Brasilgo gobernuen eta bertsuen helburu nagusia herritar pobretuen gaineko kontrola da, haien lurraldea bereganatzeko, haien bizitzak kolonizatzeko, haien lurra eta kultura mendean izateko. Proiektu hori azkar ari da aurrera egiten Rio de Janeiron, neu lekuko. Plan hori gauzatu ahal izateko, munduko eliteak elkar hartuta ari dira lanean, eta Israel eta bere armak zein jardunbideak oso baliagarriak dira gobernu horientzat.

Stop the Wall: Kulturak menderatzea eta bizitzak kolonizatzea aipatu dituzu. Hori balekin eta ibilgailu blindatuekin kontrolatzea baino larriagoa da. Elkar ezagutu genuenean, eliza ebanjelikoez aritu ginen. Burmuinak kolonizatzeko ekimen horrekin zerikusia dutela uste al duzu?

Gizele: Fundamentalismoa etengabe ari da hazten Brasilen. Egun, Rio de Janeiroko faveletan, eliza neomendekostalak dira nagusi. Ideologia oso arrazista eta homofoboa zabaltzen dute, eta, beraz, segregazioa bultzatu eta harresiak eraikitzen dituen gobernu erailea babesten dute.

Bitxia da eliza horien diskurtsoak eta jardunbideek hain eragin handia izatea faveletan. Halere, eliza horiek ez dira kasualitatez hazi, Brasilen Witzel gobernadorek eta Bolsonaro presidenteak hauteskundeak irabazi izana kasualitatea ez den bezala. Elkarri laguntzen diote. Ez da harritzekoa eliza horiek jendearen iruditeriarekin jolastea, muturreko eskuineko politikari horiek “salbatzaileak” direla konbentzitzeko. Are gehiago, Bolsonarok bere buruari Mesias esaten dio… Jaiotza-aktan, izena aldatu zuen, jendeak Mesiastzat har dezan…

Gainera, eliza horietan dabiltzan faveletako egoiliarrek eskuin horri botoa emateaz gain, Israelgo bandera dute altxatuta, elizek Israel itsuki babesteko predikatzen eta eskatzen baitute. Faveletako jende askok Israelgo bandera altxatuta duen moduan, gobernadorea eta honen ildo politiko bereko beste batzuk ere harekin bat egiten dute. Ematen dituzten hitzaldi askotan, Israelgo bandera atzean dutela ikus daitezke.

Stop the Wall: Elizek eskuin berri hori babesten dute, eta harentzako botoak lortzen dituzte. Hautatuak izan ondoren, politikariek elizen ideologia arrazistak indartzen dituzte, eta Israelera joaten dira faveletako herritarrak hiltzeko armak erostera, besteak beste; elizek Israelekiko harremana ospatu egiten dute, Israel babesteko eginkizun jainkotiarra betetzeko eta favela baketzeko modu gisa. Hori al da dinamika?

Gizele: Eliza neomendekostalak eta beren erlijioa jendearen bizitza emozionala kontrolpean izateko modua dira, eta kontrol gisa erabiltzen dituzte. Kontua da harresia kontrolatzea, tiroketak, armak eta ibilgailu blindatuak mendean izatea. Gero eta gehiago bizi izaten ari garen erailketa eta espetxeratzeek kontrol-mota hori indartzen dute. Baina pertsonen garunaren eta bizitza emozionalaren gaineko kontrola ere geure egin behar dugu: fedea ere beste kontrol-mota bat da eta.

Herri pobretuak kontrolpean izaten laguntzen duen fundamentalismoa areagotzeko dinamika hau ez da soilik estatu-mailan gertatzen hemen, Rion, baita nazio-mailan edo nazioartean ere. Eskuinak nazioartean antolaturiko kontrol-politikaren parte da, eta Israel protagonistetako bat da.

Stop the Wall: Faveletako mugimenduak zaintza-mota horien guztien aurka egiten ari dira, “Uztail Beltza” delakoaren moduko ekimenekin…

Gizele: Uztail Beltza Rio de Janeiroko faveletan erail eta espetxeraturiko ama eta senideen mugimendua da. Faveletako eta inguruetako jendearekin eta komunitateko ekintzaileekin batera, mobilizazioz jositako hilabetea antolatzen dute, eta faveletako mugimendu bihurtu dira. Badira lau urte Uztail Beltza antolatzen dugula, eta, hasiera-hasieratik, gure ikuspegiaren ardatza militarizazioaren eta arrazakeriaren gaineko eztabaida izan da. Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak Kanpainarekin (BDZ) harremanetan jarri ondoren, apartheida ere sartu genuen gure agendan.

Hasi ginenean, militarizazioarena ez genuen nazioarte-mailan ikusten. Baina Palestina, Mexiko, Haitirekin eta beste herri batzuekin harremanetan sartu ginenean, konturatu ginen Rioko faveletan gertatzen dena militarizazioaren, apartheidaren eta arrazakeriaren nazioartekotzearen ondorioa dela.

Hemen bezalaxe pairatzen dute Palestinan, Indian, Haitin eta Mexikon. Behatzen hasi, eta estatu terrorista horien, kolonizatzaileen, herritar zurien artean lotura dagoela jabetu ginen. Gero, joan den Uztail Beltzetik aurrera, militarizazioaren aurka borrokatzen hasi gara, nazioartean. Adibidez, 2018an, hainbat erakunde palestinarrekin eta Palestinari elkartasuna agertzeko zenbait erakunderekin batera, Israel Herri Auzitegiko akusatuen aulkian jarri genuen, Palestinako eta Latinoamerikako militarizazioa dela eta. Israelgo Estatu terrorista epaitu dugu, arma-ekoizle eta -esportatzaile handienetakoa. Arma horiek Palestinaren eta mundu osoaren aurka erabiltzen ari dira.

Militarizazioari buruzko gure eztabaida nazioartekotzeaz gain, bizi dugun zaintza-sistemari buruzko azterketa garatzen jarraitu dugu. Zaintza-mota ezberdinei buruz eztabaidatzen hasi gara, Internet bidezkoa, segurtasun- eta zaintza-enpresa pribatuena, zaintza digitalerako teknologia eta beste trebakuntza-modu batzuk barne.

Rio de Janeiroko polizia militarrak (BOPE) Israelekin harremana izan duela jakin dugu, polizia militarrak Israelgo entrenatzaileek irakatsitako teknikak darabiltzala. Gure ezagutzak areagotu eta militarizazioaren, arrazakeriaren eta apartheidaren aurkako borroka hau globalizatzea ezinbestekoa dela ulertu dugu. Uztail Beltzak borroka hauek uztartzen ditu, eta gure estrategia hauxe da: haiek hiltzen gaituzten modua globalizatzen badute, guk geure borroka globalizatuko dugu.

Stop the Wall: Uztail Beltzaren eta Herri Auzitegiaren bidez ekimen horretan parte hartu ahal izatea zabalkunde-une oso garrantzitsua izan da elkartasun palestinarrarentzat, ezbairik gabe. Baina harresirik, arrazakeriarik, militarizaziorik gabeko mundua, egiazki guztiontzako mundua, eraikitzeko borrokak batu nahi baditugu, asko dugu egiteko oraindik, ezta?

Gizele: Nire ustez, aurrerapauso handiak egin ditugu zentzu horretan; izan ere, adibidez, gure protesta, ekitaldi eta eztabaidetan beti izaten da militarizazioaren, arrazakeriaren eta apartheidaren gaineko mundu-mailako ikuspegia. Beste herri batzuetako borroka geure egin dugu, beste batzuen sufrimendu eta borrokarekiko gure sentsibilitatea areagotu egin da. Horixe da Uztail Beltzaren emaitza, BDZ Latinoamerikan ere antolatzea ahalbidetu duena. Horri esker, aurrera egin dugu, baina unibertsitateetan mintegiak eta tailerrak antolatzen jarraitu behar dugu. Eskoletan eta kalean ere lan egin behar dugu, gogorrago lan egin ere. Hortaz, horretan jarraituko dugu, hala izan dadin. Gure pentsamenduak eta ekintzak globalizatu egin behar ditugu, gauden herrietatik. Hurrengo (…) lortzea espero dut.


1 Cuando un agente de policía mata a un presunto “sospechoso” afirma que ha sido en defensa propia o que ha opuesto resistencia a su detención. El hecho se registra como un “acto de resistencia” cuyos testigos son los propios policías que participan en la acción. El crimen casi nunca se investiga.

2 El Batallón de Operaciones Policiales Especiales, generalmente conocido por sus siglas BOPE, es la tropa de élite de la policía militar en Río de Janeiro, Brasil.