Marokoren harresia Mendebaldeko Saharan, krimen isila

Mahfud Mohamed Lamin Bechri

Marokoren harresia Mendebaldeko Saharan, krimen isila

Protesta de jovenes saharawis cerca del muro marroquí, 2007. (Crédito: Abdalahi Hmayen. )

Harresi marokoarra Mendebaldeko Saharan munduko harresirik handiena da, txinatarraren atzetik, baina, tamalez, ia ikusezina da besteen aldean. Herri sahararra bitan banatzen du, eta pertsonen kontrako 7 milioi mina baino gehiago ditu, zeinak sahararren bizitza egunero jartzen duten arriskuan.

Testuinguru historikoa:

Mendebaldeko Sahara Afrikako ipar-mendebaldean dago. Sahararrak tributan bizi ziren, eta lurraldeko tribu guztien ordezkaritza proportzionalaz osaturiko batzorde baten bitartez beren burua gobernatzen zuten. 1884an, Berlingo Konferentzian, Afrika Europako potentzien artean banatu zen, eta, uhartedi kanariarretik hurbil dagoela eta, Mendebaldeko Sahara kolonia espainiarra bihurtu zen; geroago, Espainiako 53. probintzia izan zen. Espainiak ia mende batez menderatu zuen lurraldea, baliabide naturalez ederki hornitua, batik bat fosfato-meatokiz. Nazioarteko presioaren eraginez, bai eta Fronte Polisarioaren erasoengatik, zeina Mendebaldeko Sahara menderatze kolonialetik askatzeko sortu zen, 1973an, Espainiak lurraldetik erretiratu behar izan zuen.

Hala ere, Espainiaren irteera, sahararrek traizio eta abandonutzat jotzen dutena, Mendebaldeko Sahararen aldameneko Marokoren eta Mauritaniaren arteko itun batekin batera gertatu zen. “Madrilgo hiruko akordioak” izenez ezaguna, itunak ahalbidetu zuen herrialde horiek Mendebaldeko Sahara anexionatzea eta okupatzea, lehenengoak iparraldetik eta bigarrenak hegoaldetik. Hala, herri sahararrak, Fronte Polisarioaren buruzagitzapean, bere lurraldea babestu beste erremediorik ez zuen izan, eta orduantxe hasi zen gatazka militarra, 16 urte iraun zuena. Mauritania 1979an erretiratu zen gerratik, eta akordioa egin zuen Fronte Polisarioarekin lurraldean zituen asmoei uko egiteko eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aitortzeko, Fronte Polisarioak 1976an aldarrikatu zuena. Okupazioaren hasieratik, milaka sahararrek beren lurraldetik alde egin behar izan zuten, toki seguruagoaren bila, eta Tinduf hiri aljeriarrera heldu ziren; egun, 173.000 errefuxiatu baino gehiago bizi dira han, 5 kanpamentutan banaturik. NBEk, gatazkan bitartekari, azkenean aldeen arteko akordioa lortu zuen: su-etena eta NBEk babesturiko Erreferenduma, Mendebaldeko Saharako herritarrek beren lurraldearen etorkizunari buruzko azken hitza izan zezaten. 1991n, NBEk kasko urdinen misio bat zabaldu zuen lurraldean, su-etena eta Erreferendumaren antolaketa zaintzeko. Zoritxarrez, gaur-gaurkoz, promesturiko erreferendum hori ez da egin.

Okupazio marokoarraren harresia Mendebaldeko Saharan, edo lotsaren harresia

Gerra-urteetan, eta 1980tik aurrera, hain zuzen, Marokok, Israelek eta Estatu Batuek aholkatuta, okupatuta duen lurraldean zehar harresiak eraikitzeko plana abiatu zuen. Helburua zen, batetik, herri sahararraren askapenerako armadaren (Fronte Polisarioaren adar militarraren izen ofiziala) erasoetatik babestea, eta, bestetik, Marokok okupazioa finantzatu eta sahararren ondasunekin aberastu ahal izateko haien baliabide naturalak ustiatzeko egiten zituen eragiketen segurtasuna bermatzea. Azken hori da Marokok Mendebaldeko Sahara okupatuta izateko arrazoi nagusia.

Harresia eraikitzen 6 urte baino gehiago eman zuten, eta oso garesti atera zen, baina Marokoren aliatuek golkoan ordaindu zituzten gastuak. Marokok, egunero, 2 milioi dolar inguru gastatzen du Mendebaldeko Sahara bitan banatuta izateko harresi hori mantentzen, 2.720 km luze baita.

Okupazio marokoarraren harresia krimen hutsa da, zalantzarik gabe, sahararrak akabatzea duelako xede. 6 harresi marokoarrek, esan bezala 2.720 kilometroan zehar, bitan banatzen ditu bai lurraldea bai bertako biztanleak. Ekialdean, sahararrak Marokoren okupazioaren eta zaintzaren mende bizi dira; mendebaldean, berriz, Fronte Polisarioaren mendeko eremuetan, bai eta errefuxiatuen kanpamentuetan ere. Harresiak hondarrez eta harriz eginak daude, eta tankeen kontrako lubakiak dituzte, hala nola inguruan pertsonen kontrako 7 milioi mina baino gehiago, batez beste 20 mina laguneko. Harresia 130.000 soldadu marokoarrek baino gehiagok zaintzen eta babesten dute. Minez gain, harresi ingurua gerrako lehergaiez gainezka dago. MINURSOren (NBEren misioa Mendebaldeko Saharan) webgunearen arabera, guztira 266.000 kilometro koadrotik 100.000 inguru, alegia, Mendebaldeko Sahararen ia % 40, pertsonen kontrako minaz eta lehertu gabeko artilleriaz beteta dago. Laburbilduta, harresi marokoarraren inguruko minek jokoan dute tradizioz nomadak izan diren sahararren bizitza. Hain zuzen, mina-kontuak koordinatzeko bulego sahararraren (SMACO, ingelesezko siglak) esanetan, gatazka hasi zenetik 8.000 lagun baino gehiago izan dira minen biktima Mendebaldeko Saharan.

Marokoren harresiak Mendebaldeko Saharan eragin txarra izan du, eta izaten jarraitzen du, sahararren bizitzan. Alde batetik, ondorio sozial eta psikologikoak, familia sahararrak eremu okupatuen eta eremu askatu eta kanpamentuen artean banatu dituelako; bestetik, kalte ekonomikoak, sahararrak tradizionalki abeltzaintzatik bizi izan baitira. Harresiak sahararren zirkulazio- eta mugimendu-askatasuna mugatzen du, eta, ondorioz, espetxe handi batean bizi dira okupazio marokoarraren mende, zeinak giza eskubideak sistematikoki urratzen segitzen duen, nazioarteko komunitatearen axolagabetasuna tarteko. Horrez gain, 7 milioitik gorako mina horiek pertsonen segurtasunean eragiten dute. Era berean, harresiaren egiturak ondorio kaltegarriak izan ditu ingurumenean: urteen poderioz, lurrazala hauskorragoa bilakatu da, eta bi aldeen artean ura batetik bestera ibiltzea eragozten du.

Marokoren harresia Mendebaldeko Saharan traba da bertako gatazka konpontzeko prozesuan, eta sahararren autodeterminazio-eskubiderako ere bai.

Ezin tristeagoa da: harresi marokoarrak Mendebaldeko Saharan egundoko oinaze eta atsekabea eragin arren, gutxi hitz egiten da hari buruz. Hedabideek ez dute aipatzen krimen hau, eta ia inork ez du salatzen. Mundua gehiago jabetu behar da harresi horretaz, errugabeak akabatzen segitzen duenaz, eta salatu egin behar du Mendebaldeko Saharako herritar babesgabeak espetxe handi batean biziarazten dituen krimena.

Bukatzeko, Eduardo Galeanok harresi “mutuei”, besteak beste Mendebaldeko Sahara eta bertako herritarrak banatzen dituenari, buruz idatzi zituen hitz hauek ekarri nahi ditut gogora:

“Berlingo Harresia egunero zen berri. Gau eta egun irakurtzen, ikusten, entzuten genuen. Lotsaren Harresia, Doilorkeriaren Harresia, Burdinazko Gortina…

Azkenean, harresi hori erortzea merezi zuena, erori egin zen. Baina beste harresi batzuk sortu dira, sortzen jarraitzen dute, munduan, eta, Berlingoa baino askoz handiagoak izan arren, gutxi hitz egiten da, edo ez da hitz egiten, haietaz.

Gutxi hitz egiten da Estatu Batuak Mexikoko mugan altxatzen ari diren harresiaz, eta gutxi, halaber, Ceuta eta Melillako alanbre-hesiez.

Ia ez da hitz egiten Zisjordaniako Harresiaz, Palestinako lurrak beretzat hartu zituen okupazio israeldarra betikotzen duenaz, laster barru Berlingoa baino 15 aldiz luzeagoa izango denaz.

Eta ez da ezer hitz egiten, ezertxo ere ez, Marokoko Harresiari buruz, duela 20 urtetik Mendebaldeko Sahara okupazio marokoarraren mende duenaz. Harresia, alderik alde minaz josia eta alderik alde milaka soldaduk zaindua, Berlingoa baino 60 aldiz luzeagoa da.

Zergatik dira harresi batzuk hain hotsandikoak eta beste batzuk hain mutuak? Inkomunikazioaren harresiengatik ote, hedabide handiek egunero eraikitzen dituzten horiengatik?”.