Laburpena

Maren Mantovani

(traducido por Loles Oliván Hijós)

Laburpena

Muro de Berlín, noviembre de 1989. (Crédito: DoD photo)

Harresirik Gabeko Mundurako ahotsak

Honako bilduma hau egiten lagundu duten pertsonak harresirik gabeko mundurako bide kolektiboan gurutzatu ziren gurekin, edo gure aldamenean egiten ari dira bide horretan aurrera. Munduko hainbat tokitako ahots eta eragileak dira: oinarrizko borrokekin konprometituriko mugimenduetako aktibista nabarmenak eta herri-mugimenduen alde dauden akademikoak. Harro eta eskertuta gaude beren esperientziak eta gogoetak hemen partekatzeko gonbidapena onartu dutelako. Askok, herri palestinarrak bezala, okupazioa, kolonialismoa, arrazismoa eta segregazioa bizi izan dituzte. Ia denentzat, izatea erresistitzea da.

Halere, zenbait ekarpen falta da: beren mugimenduen borroketan murgilduta dauden eragileenak; argitalpen honetarako prozesuan garaiz jaso ezin izan direnak. Hori dela eta, garrantzitsua da adieraztea bilduma hau ez dagoela itxita, alegia, prozesu baten hastapena dela. Esperientziak eta azterketak biltzen, dokumentatzen eta konpartitzen segituko dugu, harresirik gabeko munduaren eraikuntza etengabeko prozesua baita, egunero garatu beharrekoa.

Hemen jasotako testuak egituratzeko zeregina ez da izan samurra: banaketa-logika bakar batek ez ditu islatzen komunean dituzten lotura ugariak. Ezarritako ordena, beraz, izan litezkeenetako bat da. Geografikoa bera, baina itxuraz besterik ez. Israelgo, Estatu Batuetako eta Europako harresiekin hasi eta gero beste batzuekin jarraitzeko erabakiak aditzera ematen du harresiak, funtsean, potentzia kolonial, boteretsu, aberats eta menderatzaileen tresnatzat jotzen direla. Haien harresiak gure munduaren gainerakora eta gure bizimoduaren alderdi guztietara hedatzen dira, aurretik zeuden botere-harremanekin bat egin eta borrokatzen dugun bazterkeria-, esplotazio-, diskriminazio- eta suntsipen-sistema hegemonikoa eratzeko.

Jarraian ageri diren ekarpenen aurkezpen laburrak, era berean, testuak irakurtzeko modu anitzen arteko bat proposatzen du. Espero dugu irakurleek nork bere logika eta inspirazioa topatzea bildumaren baitan.

Harresiak Palestinan

Ia ezinezkoa da gaur egungo harresiez hitz egin eta Palestinatik ez hastea, non Israelek mundu osoko herriei inposatzen zaizkien harresi ugarien eredua eraiki duen.

Ziur asko, Vladimir Ze’ev Jabotinskyk –eskuineko politikaria eta Israelgo Estatuaren ezarpenaren ideologo nagusietakoa– sustatu zuen lehen aldiz harresien kontzeptua, gerora politika israeldarrean funtsezkoa bihurtuko zena. 1923an, zera idatzi zuen1: “Kolonizazio sionista jatorriko biztanleak gorabehera gelditu behar da, edo aurrera egin. Horrek esan nahi du jatorriko biztanleriarengandik independentea den boterearen babespean egin eta garatu behar dela, tokiko biztanleek zeharkatu ezingo duten harresi baten atzean”. Jabotinskyk irudikatzen zuen harresiak ez zuen ezinbestean burdinazko harresi fisikoa izan behar. Irudikatu zituen botereak eta tresnek justizia, askatasun eta berdintasunaren aldeko herri palestinarraren borroka geldiarazteko gai izan behar zuten.

Giza eskubideen aldeko aktibista Riya Hasanek eta Hala Marshoodek ikuspegi hori deboran nola aplikatu den azaltzen dute. Haien ekarpenak deskribatzen du nola finkatu den Israel harresiekin, Palestinan proiektu sionistaren hastapenetan garatzen hasi zenetik egun indarrean den enpresa koloniala izatera arte.

Yamal Yuma’k, Stop the Wall kanpainaren koordinatzaileak, Israelgo egungo harresiak aztertu, eta haiekin loturiko erregimenean –harresi immaterialak– sakontzen du, honela azalduta: Israelen egungo estrategia “lurraldea konkistatzeko, supremazia arrazista eta menderatze inperialista inposatzeko da, eta horixe dago harresi israeldar ugarien azpian”. Haidar Eidek, Gazako Al Quds Unibertsitateko irakasleak, harresiz erabat inguraturiko ghetto batean bizitzea nolakoa den eta zer dakarren irudikatzeko ideia bat ematen digu. Ramzy Barudek eta Ramona Rubeok uste dute Israelen apartheidaren harresia “nortasun palestinarra Israelen anbizio kolonialen mende jartzera bideraturiko kanpaina sionista etengabearen beste alderdi bat” dela. Ikuspegi horretatik, Israelgo harresia natura azpiratu duten eta azpiratzen jarraitzen duten, eta kolapsoa izateko zorian jarri gaituzten interes kapitalista eta kolonialek sorturiko mundu-mailako gure ingurumen-krisiaren mikrokosmos bihurtu da. Nadira Shalhub-Kevorkianen ekarpenak ematen digu, Jerusalemen idatzita, belaunaldi palestinar berri batek ondokoa baieztatu ahal izateko itxaropena: “Ana sumud, tinkoa naiz; harresiak baino indartsuagoa naiz”.

Borroka palestinarra beti izan da askapen nazionala erdiesteko borroka baino gehiago: kolonialismoaren eta supremaziaren kontra, herri sakabanatu baten erresistentziaren paradigma da. Harresiak mundu osoan zabaltzen ari diren une honetan, Israelen Apartheidaren Harresiaren kontrako dei palestinarrak berresten du Palestina benetako proba dela gizadiarentzat.

Harresiak egitura kolonial eta neokolonialen artean

Soledad Ortiz, de la Asamblea de los Pueblos en Defensa del Territorio, la Educación Pública, Laica y Libre y los Derechos Humanos, de Oaxaca, México,. Ekarpenetako hainbaten funtsezko oinarrietako bat da desjabetze- eta lekualdatze-modu gero eta basatiagoak jasaten dituztenen arteko lotura. Lurraldearen, Hezkuntza Publiko, Laiko eta Askearen, eta Giza Eskubideen aldeko Herrien Asanbladako kide Soledad Ortizek (Oaxaca, Mexiko) nabarmentzen du lekualdaketa dela Mexikoko komunitate indigenek eta Palestinako herri kolonizatuak egunero bizi duten esperientzia komuna. Bere errealitatean oinarriturik, bizirik irauteko eta beren lurrengatik borrokatzen ari diren herri kolonizatuen arteko lotura sakonak azaltzen ditu, nabarmentzeaz batera borroka “militarismo-eredu beraren eta munduko herriei beren lurraldeak eta baliabide naturalak kendu nahi dizkieten politika beren kontra” dela.

Herriak lekualdatzeen, heriotzaren eta harresien bitartez fisikoki “desagerrarazteko” eta haien izatea bera ere ukatzeko prozesu kolonial hau Tijuanako (Mexiko) Gilberto Condek berresten du. Haren ustez, Palestinako harresia eta Estatu Batuek bere sorterriko mugan altxatuta duten harresia ekintza geopolitikoak dira, “kolonizatzaileek jatorriko biztanleria kontrolpean edukita eraikitzen ari diren esfera nazionaletik ahalik eta gehiena kanporatzeko”. Era berean, ekintza horiek zuritzen dituzten eta Israeli nahiz Estatu Batuei aurretik zeuden biztanleen kontra borrokatzeko eskubidea –are Jaungoikoak agindutako betebeharra– ematen dien ideia supremazistak aipatzen ditu.

Giza Eskubideen Aldeko Marokoko Elkarteko Jadiya Ainanik, Mugak Zabaltzen Karabanako (urtero antolatzen da Espainiako estatuan) Oli Oliviak eta Jury Peterson-Smith estatubatuarrak (2015eko ““Black Statement of Solidarity With Palestine” lanaren egileetako bat) nabarmentzen dute harresi garaikideak sakonki errotuta daudela kolonialismoaren eta inperialismoaren historian.

Olik Espainiako estatuan oraindik dauden egitura kolonial gotortuak, Marokoko iparraldean Ceuta eta Melillako harresiekin bat egiten dutenak, azaltzen ditu, esanez haien xedea dela migrazioa geldiaraztea. Jury Peterson-Smithek eransten du, Estatu Batuetako harresi-eraikuntzaren historiaren eta herrialde horren Estatu kolono gisako sorkuntzaren gainean egindako azterketan, harresiak ez direla gauza berria zapalkuntzaren historian, nahiz eta bereizketa arrazista eta kolonialerako politika garaikidearen irudikapen probokatzaileak izan; eta zera gogorarazten digu: “Xenofobia eta arrazakeria aztertzeak zera eskatuko luke: gizarte batzuen oinarriak eurak zalantzan jartzea; izan ere, gizarte horiexei proposatzen zaizkie, konponbide gisa, harresiak: giza taldeen irudimenezko “inbasioen” aurka, talde horiek guztiz arbuiatzen direlarik, arrotz arriskutsutzat jotzen direnez gero”.

Esplotazio- eta kanporaketa-harresiak, eta nekropolitika

Juan Hernández Zubizarretak, Ongi Etorri Errefuxiatuak migratzaileen eskubideen aldeko euskal mugimenduko kideak, “eskubiderik gabeko eremu” gisa definitzen ditu harresiak, dinamika jakin baten osagai gisa, non jardunbide faxistak eta totalitarioak neofaxismo-eredu berri baterantz aurrera egiten ari diren. Haren ustez, egitura kapitalista, heteropatriarkal eta kolonialen gerraren parte dira, kanporaketa, esplotazio eta nekropolitikaren bitartez gainetik kentzen dituzten herrien kontrako gerrarena.

Nekropolitika –zeina jada ez den oinarritzen gure bizitzen eta gorputzen kontrolean, baizik eta heriotza eta erailketa masiboetan– harresi ugariren epizentroan dago. Edo Achille Mbemberen hitzetan: “[…] suntsidura-grina bereizketarako proiektu garaikideen bihotzean dago”.1

Brasilen, Bolsonaroren aldaera neofaxistaren eraso ikaragarriari aurre eginda, Gizele Martins, Rio de Janeiroko Maré favelakoa bera, faveletako nekropolitikaz mintzo zaigu. Palestinan bizi izan zuen esperientzia gogoan, hauxe diosku: “Favelako eta Palestinako gure errealitateek erakusten dute mundu-mailako diskurtso eta politika bati aurre egiten ari gatzaizkiola, zaintza- eta genozidio-politikari, hain zuzen”. Harresiak pertsona-taldeak lekualdatzeko eta desagerrarazteko prozesuaren baitako tresna ez ezik, boteretsuek alferrikakotzat edo arriskutsutzat jotzen dituzten “beste horiek” fisikoki desagerrarazi ahal izateko, ezkutuan desagerrarazi ere, bitarteko ere badira.

Halaber, harresiak bizirik iraun dutenak eta lekualdatuak zapaltzeko ohiko bitarteko bihurtu dira, desagertu beharrean potentzia kolonial eta inperial aberatsen ateen parera iristen direnak zanpatzekoak. Estatu Batuek Mexikorekiko mugan altxaturiko harresia, Europarenak Ceuta eta Melillan, eta bere Ekialdean, hala nola Israelen beste harresia, Sinain, Egiptorekiko mugan, dira adibide ezagunenetako batzuk.

Muhammad Mirabet marokoarrak biziki deskribatzen du, emakume zamaketariei buruz idatziriko saiakeran, nola eragiten dieten harresiek bazterkeriari eta esplotazioari. Harreman hispano-marokoarrak harresian zehar salerosketan era erdi-legezkoan jarduten duten andreen bidez aztertzen ditu. Andre horien bizkarrak, “gainean sistema arrazista, kolonial eta patriarkalaren zama daramatenak”, okertu bai, baina ez dira hausten.

Lorraine Leetek, Lesvos Lege Zentrokoak, beste azterketa-ildo bat erantsi du, zeinak nabarmentzen duen sistema heteropatriarkal, sakonki arrazista, kolonial eta kapitalista honek bere supremazia-asmoa adierazten duela bai “bestea” mespretxatzen duenean bai onartzen duenean. Izan ere, egileak salatzen duen moduan, Europako migrazio-politikak ezartzen du bertan sar daitezkeenek nahitaez onartu behar dutela Estatu europarrek Munduko Hegoaldekoekiko duten harreman paternalistaren mendekotasun-estatutua; era berean, “leialtasun-zina” bare egin behar dute Europari “nazioarteko babesa” eskatzen diotenean, kasu gehienetan emigratzera bultzatu dituzten egoerak sortu dituen edo sortzen lagundu duen Europari, hain zuzen.

Migratzaileen kontrako harresiak eta politikak aztertzen dituenean, Diego Batistessak zalantzan jartzen du migrazioarekiko erdeinua xenofobia hutsaren eta arrotzarekiko beldurraren emaitza delako ideia. Haren esanetan, benetan “aporofobia” kontua da, edo bestela esanda: “Pertsona bat pobrezia-egoeran dagoenean baino ez da jotzen nahi ez den arrotzat. Aberatsa izanez gero, inor ez da arrotza inon”. Arraza-zapalkuntza eta klasearekin loturikoa bereizezinak dira.

Germán Romanok errealitate hori Buenos Airesko San Isidro probintzian pobreziaren eta migrazioaren kontra eraikitako harresiei buruzko artikuluan islatzen du. Udalerriak harresiak eta sarbide urri batzuk eraiki zituen, goi-mailako segurtasunez josiak; horrek Zisjordania okupatuko Qalquilya hiria dakarkigu gogora, harresi israeldarrak erabat inguraturik dagoena. Xedea eta testuinguruak desberdinak dira: Argentinan, bereizketa gotortu eta militarizatua da, txiroak auzo aberatsen begien bistatik urrun izateko; Palestinan, ostera, harresiaren helburua da palestinarrak beren lurretik aldenduta izatea. Hala ere, paradigma eta metodoa berdin-berdinak dira.

Ukitu eta entzun ezin ditugun harresiak

Ekarpenetako askok harresi fisikoei erreparatzen badiete ere, haiekin “loturiko erregimenetan” harresi ikusezinen alderdi ugari daude, berdin-berdin kanporatzen, baztertzen, esplotatzen eta hiltzen duten harresienak.

Anand Teltumbdek jendarteko egitura hierarkikoak aztertzen ditu, justiziaren kontrako harresi gisa; zehazki, Indian oraindik ere indarrean dagoen kasta-sistema. Argi erakusten du prozesu kapitalista eta neoliberalek kasten harresia sendotu dutela herrialde horretan, eta, haren esanetan, “askoz ere konplexuagoak bihurtu dira: Indiak sekula baino kasta gehiago ditu gaur egun. Hain zuzen, askoz ere harresi gehiago altxatzen eta inportatzen ari da, eraisteko borroka luzea eskatuko dutenak”.

Gizele Martinsek ere nabarmentzen du harresiak eraikitzeko edo legitimatzeko superegitura ideologikoen –erlijiozkoak barne– boterea. Hark, harresiez eta errepresio militarraz gain, beste kontrol-maila bat aipatzen du, ideologikoa, hain zuzen, zeinetan eliza ebanjeliko neomendekostalek paper boteretsua jokatzen duten, politika arrazista, errepresibo eta baztertzaileak indarkeria horien zamarik handiena jasaten dutenen aurrean ere zuritzen baitituzte.

Kaxmirreko Mirza S. Bégek eta Mendebaldeko Saharako Mahfud Muhammad Lamin Bechrik diote, halaber, militarizazioa eta okupazioa harresi-geruza immaterial sofistikatuekin batera datozela. Indiako harresi militarizatuak Kaxmirren, India eta Pakistan arteko Zaintza Lerroan, Indiako presentzia militarra sendotzen du, hala nola atxiloketa masiboak eta eskualdea munduko leku militarizatuenetakoa bihurtu duten beste neurri antidemokratiko eta anker asko. Israelek Kaxmirren militarizazio indiarra babestea baino gehiago da: Indiako Gobernuak erabaki zuenean Kaxmirreko autonomia-estatutuari amaiera emateko legez kontrako bere erabakia enpresa indiarrei han lurrak erosteko eta inbertitzeko deia eginez osatzea, askok Israelek lurralde palestinar okupatuetan garatzen duen anexio- eta finkapen-politikarekin alderatu zuten. Alta, Mirza Bégek beste harresi bat ere nabarmentzen du –komunikazioarena–, Indiako indarrek erabateko itzalaldi digitala ezarriz altxatua. Kaxmirren integrazio behartua gauzatzen da lekuan bertan, bestela esanda: ziberespaziotik kanporatuta.

Aro digitalak ezpata eta pareta artean gaitu: batetik, isolaturik egoteko zigorrak jendarte baten bizimodu arrunta eragozten du; bestetik, online egoteak etengabe zaindurik eta kontrolaturik izatea dakar berekin. Yamal Yuma’k azpimarratzen du zaintza-teknologia eta hark eragiten duen totalitarismo panoptikoa harresien logikaren eta teknologiaren funtsezko osagai direla.

Mahfud Muhammad Lamin Bechrik harresirik luze eta iraunkorrenetako baten gainean hitz egiten digu, Marokok Mendebaldeko Saharan eraikitakoaz, hain zuzen, zeinaren xedea den herri sahararraren autodeterminazio-asmoak zapuztea. Halere, haren ikuspegiak ez du barne hartzen harresiaren egitura bere horretan, baizik eta berak “harresi isila” izendatzen duena. Interneterako konexioa izan arren, itzalaldi mediatikoak eta erabakiak hartzeko arduradunei beren eginkizuna betetzea galarazteak ikusezin eta entzunezina bilakatzen dute harresi hau.

Gure buruko harresiak –edo Gilberto Condek kartografia imajinarioak deritzenak– harresien botere sinbolikoaren eta haiekin loturiko lege, politika publiko, ideologia eta justizia izatea eragozten duten beste faktore askok osaturiko erregimenaren botere arautzailearen emaitza dira. Haien ondorioak berauek zuzenean jasaten dituztenez baino askoz harago doaz.

Harresien negozioa

Harresien ideologia eta metodologiak ez ezik, teknologia ere globalizatu da. Jury Peterson-Smithek gogorarazten digu Estatu Batuek Israelen harresiaren eraikuntza-tarte bakoitza babestu dutela eta, gainera, Palestinako harresiaren arduradun diren enpresa israeldarrez baliatzen direla, Elbit Systems deritzonaz, kasu. Riya Al’Sanahk eta Hala Mashoodek sakon aztertu dute okupazioaren teknologia negozio bihurtzen duen enpresa-eredu israeldarra, bai eta haren historia eta ondorioak ere. Aditzera ematen dute enpresa militar israeldarrek herri palestinarra haien laborategi eta teknologia militarraren erakusleiho gisara erabiltzen dutela, eta teknologia hori saltzen dutela, nazioarteko merkatuan, “eremuan bertan probatua” etiketarekin.

Mark Akkermanek, StopWapenhandeleko kideak, Europan harresiak bata bestearen atzetik eraikitzearen atzean dauden interes ekonomikoen, etekinen eta egituren berri dakarkigu. Erakusten du mugen gero eta militarizazio handiagoak inori ez dakarkiola onurarik, ezta Europako biztanleei eurei ere. Alta, enpresen irabaziak itzelak dira: aurreikuspenen arabera, mundu-mailako hazkundea % 8koa da urtean, eta mugak militarizatzeko gastuak % 15 hazten dira Europa osoan. Espero zitekeen moduan, enpresa israeldarrak ari dira mozkin neurrigabeak izaten.

Azterketa hauek hobeto ilustratzeko, irakurleak Elbit Systemsi buruzko eranskin bat du eskura, hots, Zisjordania okupatuan harresi israeldarra, Gaza inguratzen duena, Golan okupatuko Gainetan dagoena eta Egiptorekiko mugakoa eraikitzeko kontratu garrantzitsuen esleipendun izandako enpresa militar israeldarretako bati buruzkoa.

Erresistentzia eraikitzea, harresien ordez

Tricontinental Institutuko Vijay Prashadek, bere ekarpenari amaiera emateko, zera gogoratzen digu: “Erresistitzen baduzu, parean ez duzu harresirik. Gizatasuna galdu dutenak baino ez dira isolatzen eta harresi baten atzean ezkutatzen. Haien harresia da, ez gurea. Gu harresirik gabeko munduan bizi gara”.

Ekarpen askoren arabera, harresirik gabeko munduaren aldeko borrokan lehenengo urratsetako bat da harresiak geure egiteko tentazioaren aurka egitea. Nadera Shalhub-Kevorkianek argudiatzen du “errepresioaren harresiaren suntsipena, zapaldua eta kolonizatua izateari uko egitea” dela herri palestinarraren borrokaren muinetako bat. Harresiak hausteko funtsezko osagaietako bat kontrako logika eta kontraboterea sortzeko asmo irmoa da. Era berean, Muhammad Merabetek pentsamendu eta ekintza kontrahegemonikoa eskatzen du, “mundu kolonialarekin eta gure jendarteen Mendebaldearekiko mendekotasunarekin amaituko duena; Hegoaldeko herri gisa gure orekak berregituratu eta esparru subiranoak sortuko dituena, geure eredu eta esperientziak sortu eta mundu multipolarra eraikitzen laguntzeko esportatu ahal izateko”. Jendearen protagonismoa bermatzeko behar hori Juan Zubizarretaren ikuskeraren oinarrian ere badago, nazioarteko eskubidearen eta giza eskubideen bestelako ikuspegi baten bidez, “giza duintasunaren aldeko itun berria” eratzeko.

Benetako pentsamendu eta ekintza kontrahegemonikoak eraikitzeko, Soledad Ortizek errotzearen garrantzia dakarkigu gogora, eta, aldi berean, gure tokiko borrokez haragokoei begiratzearena. Haren hitzetan, oso inportantea da “hitz egitea eta protestatzea, zeharo suntsi ez gaitzaten. Horregatik batzen gara herri gisa. Funtsezkoa da herri gisa elkarrekin antolatzea, geure burua babesteko eta, ondoren, nazioartean bat egin eta gure borrokak eta itxaropenak globalizatzeko”.

Harresiak eraisten dituen ekintza kontrahegemoniko horren adibideak askotarikoak dira, eta inspiratzaileak: Uztaila Beltza Rio de Janeiron, Herri Auzitegiak, Karabanak, amets abolizionistak, eta migratzaile-taldeen eta Palestinari elkartasuna agertzeko deiak “harresien industriako” enpresa-espekulazioa desagerrarazteko, enpresak babesten dituen eta injustiziaren harresiak eraikitzea eta haietatik etekina ateratzea ahalbidetzen dien zigorgabetasunaren arkitektura eraisteko. Harresirik Gabeko Munduak iaz adierazi bezala, Bay Arean2, Kalifornian (Estatu Batuak), nahi dugun tokira joateko eskubidearen alde borrokatu behar gara, nahi dugun tokian nahi beste denboraz geratzeko eskubidearen alde, eta gure etxera nahi dugunean itzultzekoaren alde. Ironia garratza da pertsona ugari haiek nahi gabe indarrez “aberriratzen” ari diren bitartean aberrira itzultzeko eskubidearen alde borrokan 70 urte daramatzan errefuxiatu-komunitate bakarrak –sei milioi errefuxiatu palestinar baino gehiago, alegia, herri palestinarraren gehiengoa– sekula jaso ez izana eta oraindik ez jasotzea nazioarteko inolako laguntzarik bere aberrira itzuli ahal izateko.

Palestinan, harresiak apurtzeko mundu osoko mugimenduek bat egiteko deiak historia luzea du. Askatasunaren, justiziaren eta berdintasunaren aldeko borrokak, erbestean oinarrituak eta mundu osoan zabalduak, internazionalista izan behar du, eta herrien arteko loturak ulertu behar ditu. Ikuspegi internazionalista horrek palestinarrak mundu osoko beste herri batzuekin elkarren ondoan ikusi izan ditu, eta, denborarekin, gaur egun mundu-mailan dagoen elkartasun-mugimendua garatu du.

2005ean jendarte zibil palestinarrak Israelgo apartheidaren aurkako Boikot, Desinbertsio eta Zehapenetarako (BDZ)3 eginiko deia, Gazatik Haidar Eiden testuan behin eta berriz modu adierazgarrian errepikatua, bide horretatik doa. Israelen apartheidak herri palestinarraren aurka finantzatzen eta legitimatzen dituen konplizitate-loturak etetea helburu duen BDZren deiak, herri palestinarraren aurkako apartheid israeldarra finantzatzen eta legitimatzen duten konplizitate-harremanak eteteko xedea duenak, Israelekiko harremanak ere eten ditzake, zeinak maizegi atzerriko militarizazioa, agroindustria edo planeta osoko herrientzat suntsitzaileak diren beste proiektu batzuk babesten dituzten. Pixkanaka, eta uste ez bezala, BDZ kanpaina garaipenak lortzen ari da herri palestinarraren justizia eta autodeterminazioaren zein harresirik gabeko munduaren alde.

Lurraren Lagunak GKEak (Brasil) zera dakarkigu gogora: “Harresiak zenbat eta garaiago, orduan eta pitzadura gehiago. Harresiek inguratuta bagaituzte, bata bestearen atzetik eraitsiak izango direlako ziurtasunari heltzen diogu. Herri gisa zutik jarraitzen badugu, harresiak erori egingo dira …”.


1 Vladimir Ze’ev Jabotinsky, “The Iron Wal”l, Rzsviet, 4 de noviembre 1923 (original en ruso, traducción en Inglés disponible aqui.

2Investing in Sanctuary” (Invertir en santuarios), evento organizado por Friends of Sabeel North America (Fosna).

3 “Sociedad Civil Palestina Demanda Boicot, Desinversión y Sanciones contra Israel hasta que cumpla con la Ley Internacional y los Principios Universales de Derechos Humanos, 9 de julio 2015. Disponible aquí.