Editoriala: Harresirik Gabeko Mundua
Imagen tomada durante la visita a Palestina en 2017 de la delegación por un Mundo sin Muros integrada por activistas mexicanos y estadounidenses. (Crédito: Archivo de Stop the Wall)
Azaroaren 9 honetan, hogeita hamar urte beteko dira Berlingo Harresia erori eta Mendebaldearen eta harresi guztiak eraitsiko zituen bertako merkatu librearen ereduaren nagusitasuna aldarrikatu zenetik. Hiru hamarkadaren ondoren, 70 harresi baino gehiago eraiki dira munduan. Europak mila kilometro hesi baino gehiago eraiki ditu, eta Berlingo Harresiaren luzera aspaldi utzi zuen motz. Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek herrialde horretako historian izandako gobernu-itxiera luzeenarekin eman zion hasiera urteari; izan ere, Kongresua erabat banatuta dago presidentearen harresi “handi, lodi eta ederra”1 finantzatu nahi dutenen eta, Nancy Pelosi agintari demokratak proposatu bezala, “harresi teknologikoaren” bertsioaren alde daudenen artean.
Honek zenbait galdera deseroso eragin beharko lituzke, hipokrisiarekin lotuak, zehazki: nolatan bihurtu dira Harresiak gure garaien ikur?
2002ra arte, armaz ederki hornituriko unitate militar israeldarrek eskoltaturiko bulldozer-armada batek Palestinako lurrak sarraskitu zituen arte, Israelgo apartheidaren harresia eraikitzeko, azpiegitura hauek tabu ziren oraindik.
Urtebetez, Israelek aitortu ere ez zuen egin luzeran 700 km baino gehiago izango zituen harresi bat eraikitzen ari zenik. Stop the Wall-ek lehenengo maparen kartografia egin zuen, landa-lan eraginkorrari eta Palestinako Lurralde Defentsarako Informazio Sistemaren (PALDIS) laguntzari esker. Hasieran, munduak uko egin zion herri palestinarrari eta laguntza ematen diotenei sinesteari, Israel harresia eraikitzen ari zela salatu zutenean. PowerPointak eta argazkiak erakutsi behar izan genituen jendeak sinets zezan. Orduan, eskandalua etorri zen. “Israel Palestinako lurralde okupatuan eraikitzen ari den harresiaren legezko ondorioen” auzia Nazioarteko Justizia Auzitegira heldu zen3. Hark argi eta garbi utzi zuen Israelek Harresia eta erantsiriko erregimena desegin behar zituela, bai eta konponketak ordaindu ere. Era berean, Auzitegiak azpimarratu zuen nazioarteko komunitateak betebeharra duela harresia ez aitortzeko eta haren eraikuntzan aholkurik nahiz laguntzarik ez emateko, eta, gainera, neurri eraginkorrak hartu behar dituela Israelek nazioarteko zuzenbidea urratzeari utz diezaion. Nazio Batuen Batzar Nagusiak ia aho batez babestu zuen erabakia, baina gero palestinarren eskubideak berresten dituzten eta bete gabe utzi diren Nazio Batuen beste ehunka ebazpenekin batera gorde zuen tiradera batean.
Hiru urte geroago, Estatu Batuek, George W. Bush presidente zelarik, Segurtasun Harresiaren Legea4 onartu zuten 1.350 km-tik gorako harresi bat eraikitzeko; horretarako, harresi-eraikuntzako enpresa militar israeldar nagusia kontratatu zuten, Elbit Systems, hain zuen, zeinak beharrezkoak ziren goi-mailako teknologiako irtenbideak eskaintzen zituen.
Israel gure lurraldean eraikitzen ari zen apartheidaren Harresia gelditu ordez, munduak bere xedeetarako egin zuen bere hark oinarrian duen kontzeptua.
Nahiz eta une hartan Stop the Wallen jabetuta geunden harresiak ez zirela palestinarren arazo bat, besterik gabe, beste hamarkada bat igaro eta Estatu Batuetako eskuineko beste presidente bat etorri behar izan zen “harresien normalizazio” gero eta handiagoa geldiarazteko. Ordura arte, harresien gaineko eztabaidak ikerketa akademikora mugatzen ziren, neurri handi batean.
Stephen Grahamek5 adierazi zuen, 2009an hiri-militarismo berriari buruz egin zuen ikerketan, Israelen Harresia Palestinan eta Estatu Batuek Bagdaden eraikitako harresia mundu osoko hirietako paisaien parte bilakatu zirela. Urtebete geroago, Wendy Brownek “subiranotasunaren gainbeheraren”6 eta globalizazio neoliberalak hiri handietan eragin dituen txikizioen aurreko erreakzio eta haren emaitza gisa definitu zituen egungo harresiak. 2012an, Stéphane Rosiérek eta Reece Jonesek7 antzeko ondorioak atera zituzten, eta adierazi zuten teichopolíticaren (berba berria, teichos antzinako grekotik eratorria, zeinak “hiriko harresi” esan nahi duen) –harresien politika– aroan gaudela, non harresiek pribilegiatu gutxi batzuen larrialdia sinbolizatzen duten, globalizazioak hitzemandakoa benetan gozatzen duten eta beren pribilegioak babesten dituztenena, hain zuzen. Urtebete geroago, Muhammad A. Chaichianek8 argudiatu zuen harresiak, historian, inperioen boterearen ahuleziaren seinale izan direla.
Azterketa hori guztia garrantzitsua bazen ere, ez zuen beharrezko eragina izan, mundu akademikoaren bolizko dorreaz harago. Iritzi publikoari arretarik jarri gabe, 2017an 70 bat harresi zeuden mundu osoan. Gutxi batzuk baino ez dira eraiki, Israelen harresia bezalaxe, lurralde okupatu batean, biztanleen lurrak anexionatuta eta nazioarteko zuzenbidea urratuta. Gehienak aitorturiko mugak eta horiek zeharkatzen dituzten lurraldeak militarizatzeko altxatzen dira. Denek suntsitzen dituzte pertsonen bizitzak, eta denek akabatzen dituzte pertsonak.
Beharrezkoa izan zen Donald Trump eta hauteskunde-kanpainan “harresi handi eta ederra” egingo zuelako promesa iristea iritzi publikoa esnatzeko eta mugimenduak ekintzak egiten hasteko. Trump boterera heldu eta hil gutxi batzuk geroago, mugimendu mexikar eta palestinarrek Harresirik Gabeko Mundua manifestua zabaldu zuten, zeinak berehala kontinente guztietako ehunka mugimendu, mundu-mailako sare, talde eta erakunderen babesa jaso zuen.
Adierazpenak honela zioen:
Israelen apartheidaren Harresia Palestinako lurraldeetan, Estatu Batuen lotsaren harresia Mexikorekiko mugako lurralde indigenetan eta beste harresi guztiak kanporaketa, bazterkeria, zapalketa, diskriminazio eta esplotazioari eginiko monumentuak dira. […] Harresiak altxatu dira mugak estatuen zaintzapean gotortzeko ez ezik, aberats, boteretsu, sozialki onargarrien eta ‘besteen’ arteko muga nabarmentzeko ere.
Orain arte adierazpenarekin bat egin duten 400 mugimendu pasatxoek bere egin dute harresiek gure mundua eta gure bizitzak gero eta mendeagoan izateak dakartzan ondorio suntsitzaileei buruz kontzientziatzeko konpromisoa, harresiek kalteturiko pertsonen eta harresien kontra egiten duten mugimenduen artean elkartasun- eta lotura-sareak sortzekoa, pertsonak kanporatzen, baztertzen, zapaltzen, diskriminatzen eta esplotatzen dituzten harresiak berehala eraits daitezen galdegitekoa, eta, azkenik, harresietatik etekina ateratzen dutenei aurre egin eta zein diren ezagutzera ematekoa.
Lan eskerga da hori, baina, gertatu ohi den bezala, jendeak bat egin du, ekimenagatik beragatik baino, jabetu delako zein ankerra den ziztu bizian okerrera egiten ari den eta gure borrokak mundu-mailakoak izatea hil ala biziko premia bihurtzen duen sistema hau. Palestinatik ikustean gero eta harresi gehiago daudela eta, horrekin batera, kontakizun eta politika ultraeskuindar, arrazista, supremazista eta militaristak aurrera egiten ari direla, mundua israeldartzeko prozesuan dagoela ematen du.
Herri palestinarrak aspalditik gaitzesten du Israelek “segurtasun-arrazoiak” aipatzea sistematikoki legez kontrako politika eta apartheid-, okupazio- eta anexio-jardunbide oldarkor mota oro aplikatzeko aitzakia gisa, Zisjordaniako harresia eta Gaza inguratzen duena barne. Segurtasunari buruzko kontakizuna, harresiak eurak bezalaxe, gero eta gehiago nagusitzen ari da mundu osoan, eta giza eskubideen esparrua osorik ahultzen.
Munduan ekonomia-, zibilizazio- eta ingurumen-krisialdia larriagotu ahala, eta kapitalismo neoliberalaren sortze-mitoek –sistemaren izaera meritokratikoa, guztion mesederako “tantakako” hazkunde ekonomiko etengabea sortzen duena– sinesgarritasuna galdu ahala, elite agintariek Charles Derberrek eta Yale R. Magrassek10 “segurtasunaren kontakizuna” izendatzen dutenari heltzen diote, botere-harremanak alda daitezen saihesteko. Segurtasunaren kontakizunak beldurra eragiten du gure gizarteetan, gezurrezko mehatxuak asmatu eta egon badaudenak larriagotzen dituelako; ongizate handiagoa eragiteko ezgai, elite agintariaren agintaritza zuritzen du segurtasuna eta biziraupena, behintzat, berma ditzakeen indar bakarra balitz bezala agertuz. Derberrek eta Magrassek “‘babes-erraketa’ baten bertsio berria” esaten diote.
Mendebaldean neoliberalismoaren paradigma ekonomikoarekin loturiko balio liberalak gailendu diren garaian, Israelen paradigma nazionalista eta supremazistak garatzen jarraitu dute, eta herri palestinarraren aurkako beren apartheid-erregimena areagotzen. Gaur, Israelek XIX. mendeko nazionalismo kolonialaren bertsio baten tresna intelektual eta teknologikoak eskaintzen ditu; kolonialismo hura, egun, XXI. mendeko apartheid-erregimen baten eredu da: botere-egitura zapaltzaileen nahaste perfektua. Are gehiago, Israelek lortu du egokitasunez uztartzea ideologia eta jardunbide hori politika ekonomiko neoliberalekin.
Politika neoliberalen eta herrialde garatuetan orain arte sostengatu dituen ideologiaren kolapsoaren eragin izugarrien ondorioz, eskuineko supremazismo eta nazionalismoa gero eta gehiago gailentzen ari da, kontraideologia faltsu gisa. Eskuina gorantz egiten ari da, horren adibide dira Estatu Batuetako eskuin supremazista, Indiako boterean dagoen alderdi faxista indiarra, indiarra ez den edozein biztanleren kontrako gerra izugarria abiatu duena, eskuin neofaxista Europan, hala nola Brasilen, non Jair Bolsonarok bere ideologia arrazista eta misoginoa garatu duen… den-denak ari dira lehengo politika neoliberalak gauzatzen, baina beste berniz batekin.
Aurreikus zitekeen bezala, agintari eta joera politiko horiek guztiek segurtasunaren kontakizuna sustatzen dute, eta jardunbide eta harresi israeldarren zale porrokatuak dira.
Eskubideak arraza-, erlijio- edota etnia-irizpideen edo bazterkeriarekin loturiko beste batzuen arabera zehazturiko “gu” batentzat ezartzen dituen logikan, “bestea” “arrotz” bilakatzen da, araztasunean eta nagusitasunean oinarrituriko egitura nazional batean. “Besteek” gizakiak diren heinean dauzkaten eskubideak eta aitortza galdu ez ezik, haien izate hutsa kriminalizatu ere egiten da. Paisaien eta jendarteen erdian dauden harresiak jarrera horren funtsezko osagaiak dira.
Israelek legitimazio sendoa aurkitzen du mundu-mailako dinamika horretan, hala nola gero eta merkatu handiagoa herri palestinarra zapaltzeko garatu duen abangoardiako paradigma, metodologia eta teknologia mota oro zabaltzeko.
Stop the Wallek lehentasun izan du gero eta indartsuago dagoen eskuin honen kontrako eta Harresirik Gabeko Munduaren aldeko borroka bateraturako deialdi kolektiboa egitea.
Eraso gero eta dramatiko eta gero eta izugarriagoen arabera jokatzeko tentazioari uko eginda, Stop the Wallek uste du hauxe dela burua altxatzeko unea, harresiez harago begiratzekoa, beste borroka batzuk sumatu eta geurearekin lotzekoa, elkarrekin indar eta konfiantza handiagoak gureganatzeko. Harresiez haragoko begirada horrek justizia, askatasun eta berdintasunezko mundua erakusten digu zeruertzean, itxaropena ematen digu, eta norabidea marrazten.
Lerro hauek idatzi bitartean mundu osoko kaleetan mobilizatzen ari diren herriek guztioi ematen digute itxaropena, ez Palestinan bakarrik. Txiletik Irakeraino, “Herri batua ez da inoiz garaitua” oihukatzen ari dira milaka eta milaka ahots. Horrek sendotu egiten du geroago baino lehenago injustiziaren harresiak eraitsiko ditugulako gure ustea.
Badago itxaropena.
Ekimen honek mundu-mailako justiziaren aldeko borroka sinboliko gisa paratu du Palestina munduko mugimenduetan, geurea ere baden borroka gisa. Amaiera eman die, gainera, salbuespen-apelazioei, Israelen interesak bakarrik asetzen dituztenei, apartheid israeldarraren kontrako erronkarik handienak dakarren ikuspegia baita herrialde horrek kontuak eman behar dituela nazioarteko zuzenbidearen oinarrizko legeen eta giza eskubideen aldeko itunen aurrean.
Harresirik Gabeko Munduaren aldeko ekimenaren baitako mundu-mailako batasun-ikuspegia sustatuz, Stop the Wallek biktimen paperaz harago joan eta munduko justiziaren aldeko borrokan protagonismoa aldarrikatu nahi du.
Harresirik Gabeko Mundua antologia
Bilduma hau egiteko ekimena 2017tik ekintzak eta ekitaldiak egiteko gurekin bildu izan diren pertsonen eta mugimenduen iradokizunei zor zaie. Sentimendu orokorra da, aldarrikatu bezala, gure ideiak hobeto antolatu behar ditugula. Jakinaren gainean ez dela batere lan erraza, prozesuan garatu diren esperientziak eta gogoetak biltzeko zein partekatzeko tresna bat sortzea erabaki genuen. Gure xedea da Harresizko Mundu honen barruko egituren eta interkonexioen nahiz kontinente guztietako borroka-esperientzien azterketa biltzea, ahalegin kolektiboak sendotu eta #Harresirik Gabeko Mundua eraikitzen lagunduko diguten toki- eta mundu-mailako estrategiak definitu ahal izateko.
Bilduma honi egindako ekarpenak ezin iradokitzaileagoak dira guretzat, gure garaiko harresien kontra borrokatzen ari diren mugimendu eta aktibisten ikuspegi, informazio eta esperientziak dakarzkigutelako. Gure eskerrik beroena eman nahi diegu beren denbora ekimen hau egiten laguntzeari eskaini dioten eta posible egin duten guztiei. Bilduma hau ez da antologia zehatza, baizik eta gure mugimenduen arteko harresiak eraitsiko dituzten eta Harresirik Gabeko Mundua sortzeko oinarri komuna eraikiko duten hausnarketak eta ekintzak biltzen segitzeko hastapena, eta, espero dugu, gure ideiak antolatzeko eta gure borrokak bat egiteko tresna.
1 Michael Finnegan, “‘It’s going to be a big, fat, beautiful wall!’: Trump’s words make his California climb an even steeper trek”, Los Angeles Times, 2 de junio 2016.
3 Opinión Consultiva de la Corte Internacional de Justicia sobre las consecuencias jurídicas de la construcción de un muro en el territorio palestino ocupado, A/ES-10/273, Distr. General Español: 13 de julio de 2004. Disponible aquí.
4 “The High Cost and Diminishing Returns of a Border Wall“, American Immigration Council, 6 de septiembre 2019.
5 Stephen Graham, “Cities Under Siege: The New Military Urbanism”, (New York: Verso Books, 2009), 288.
6 Wendy Brown, “Walled States, Waning Sovereignty“, (New York: Zone Books, 2010), 168.
7 Stéphane Rosière & Reece Jones (2012), “Teichopolitics: Re-considering Globalisation Through the Role of Walls and Fences”, Geopolitics, 17:1, 217-234.
8 Muhammad A. Chaichian, “Empires and Walls – Globalization, Migration, and Colonial Domination”, Series: Studies in Critical Social Sciences, Volume: 62 (Leiden:Bill, 2013), 362.
9 Convocatoria “9 de noviembre – Día de Acción Global: Un Mundo sin Muros”, 20 de junio 2017.
10 Charles Derber and Yale R. Magrass, “Who deserves safety and who doesn’t? How capitalism teaches us a ’security story’ “, Salon, 10 de marzo 2019.